Mineral, fosil eta harribitxiek bisitariak erakartzen jarraitzen dute
Mineralogia eta Paleontologiaren 36. edizioa ari dira Urretxun. Atzotik irekita daude mineral, fosil eta harribitxien azoka eta haurrentzako parkea, besteak beste.
Atzo ireki zuten Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astearen 36. edizioaren baitako azoka eta haurrentzako parkea. Ederrena pilotalekuan kokatuta dagoen azokan jendea gutxika ari da gerturatzen gaur, “atzo baina jende gutxiago dabil”, esan du Javier Aguado astearen antolatzaile eta sustatzaileak.
30 saltoki daude guztira, Euskal Herriaz harago, Espainia guztitik etorritako beste horrenbeste bildumagilerenak; mineralak, fosilak eta harribitxiak daude aukeran. Mineralen artean, “oraindik meteoritoak ekartzen dituenik” badagoela azpimarratu du Aguadok. Azoka 20:00ak arte dago gaur irekita, eta bihar izango da berau bisitatzeko azken eguna. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da irekita.
Azokaren osagarri, haurrentzako mineralogia eta paleontologia parkea ere irekita dago Iparragirre plazan. Goizetik jende ugariren topalekua da parkea; meategia, urre bilaketa, historiaurreko pintaketa… eta dinosauro jaioberria daude jolasen artean. Parkea ere 20:00ak arte dago irekita gaur. Bihar izango azken eguna eta azoka bezata goizez eta arratsaldez irekita egongo da.
Azoka eta parkea bisitatzeaz gain, Urrelur museoa ere bisitatu daiteke egunotan. Bihar ere 11:30ean (bisitarien araberako hizkuntzan), 17:00etan (euskaraz) eta 18:00etan (gazteleraz) bisitaldi gidatua egiteko aukera izango da. Elurretako lehoinabarraren oroitarria aldi batera erakusketa ere ikusgai dago udaletxean, 20:00ak arte, baita bihar goizean eta arratsaldean ere.