Goierriko etxebizitza parkea txikitu egin da beste urte batez
Etxebizitza parkeak 41 unitate galdu ditu, eta Zumarraga eta Ormaiztegin jaitsi da gehien kopurua. Etxebizitzen antzinatasuna 49,1 urtekoa da batez beste.
Goierriko etxebizitza parkea txikitu egin da Eustatek, Euskal Estatistiken Erakundeak, publiko egin dituen azken datuen arabera. 2023ko urtarrilaren 1eko datuak dira emandakoak, eta horien arabera, ia berrogeita hamar etxebizitza gutxiago daude eskualde osoan. 34.117 etxebizitza dira guztira, eta oro har etxebizitza gehiago suntsitu dira berriak eraiki baino.
Datu horiei erreparatuta ondoriozta daiteke iazko tendentzia berean jarraitzen duela Goierriko etxebizitza parkeak, nahiz eta beherakada ez den hain nabarmena izan. Hortaz, azken urteetako hazkundearen joera hautsi dela esan daiteke. 2019an zehar ia hirurehun etxebizitza berri kontabilizatu ziren eskualdean eta lehen aldiz 34.000 unitateko langa gainditu zen, inoizko hazkunderik handiena bizita. Urtebete geroago, ia erdira murriztu zen etxebizitza berriak eraikitzeko abiadura eta 2021ean etxebizitza gehiago izan ziren suntsitu zirenak, berriki eraikitakoak baino. Horregatik, 2022ko urte hasieran ia ehun etxebizitza gutxiago zeuden eskualdean eta urtebete beranduago kontabilizatutako datuek ere beherakada horren jarraipena erakusten dute.
Datuak alderatuta, aurreko jardunaldietan baino orekatuagoa izan da galdutako etxebizitzen eta eraikitakoen arteko banaketa, eta ez da iazko urteetan bezala herri bat besteengandik nabarmendua izan: Altzaga, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Idiazabal, Legazpi, Mutiloa, Ormaiztegi, Urretxu, Zegama eta Zumarragan 41 bizitoki galdu badira ere, 15 etxebizitza berri eraiki dira Ataun (1), Ezkio-Itsaso (2), Lazkao (8), Legorreta (2) eta Olaberrian (2). Iazko urtean, ordea, 147 etxebizitza galdu eta 59 etxebizitza berri eraiki ziren. Hortaz, ia ehun etxebizitza gehiago galdu ziren iazko urtean.
Batzuk, berdin
Halere, badira eskualdeko zenbait herri zenbaki berdinetan mantendu direnak. Esaterako, 2022an 55 etxebizitza berri eraiki ziren Ordizian, San Joan auzoan eraikitako blokeei esker. Azken bi urteotan, ordea, ez da aldaketarik egon eta 4.823ko zenbateko horretan mantendu da. Arama, Zaldibia, Zerain, Segura eta Gabiria ere berdin mantendu dira iaztik. Biztanle gutxi dituzten herrietan hazkundea ez da horren nabaria izan.
34.000ko langatik gora jarraitzen du Goierriko etxebizitza parkeak
Zumarraga da etxebizitza gehien galdu duen herria, zehazki 9 etxebizitza, baina ez da alde handirik egon etxebizitzak galdu dituzten gainontzeko eskualdeko herriekin: Ormaiztegik, esaterako, 7 etxebizitza galdu ditu, eta Beasain eta Zegamak ere bosna. Iaz, berriz, alde handiak egon ziren herrien artean: Olaberria izan zen etxebizitza gehien galdu zituen herria, 37 etxebizitzekin, eta tendentzia berari jarraitu zioten Idiazabal eta Zaldibiak, 21 eta 15 etxebizitza galduz, hurrenez hurren. Beasainek 5 etxebizitza galdu baditu ere, eskualdeko etxebizitza parke handiena duen herria da oraindik, 6.595 etxebizitzekin. Ordiziak jarraitzen dio 4.823 etxebizitzekin eta atzetik ditu Zumarraga eta Legazpi, 4.804 eta 4.233 etxebizitzekin, hurrenez hurren. Aurreko aldietan bezala, bizitoki berri gehienak eskualdeko herri populatuenetan eraiki dira.
Etxebizitzen ezaugarriak
Goierriko etxebizitzen antzinatasunari dagokionez, batez beste, 49,1 urteko antzinatasuna dute, aurreko jardunaldian baino ia hiru puntu gehiago, orduan 46,51 urtekoa baitzen. Ezaugarrietan, baina, ez da aldaketa handirik eman azken urteotan. Oraindik ere Goierriko etxebizitza gehienak bloke edo eraikinetan pilatzen dira, eta oraindik ere hamar eraikinetatik zazpik dute igogailua. Hazten ari den tendentzia da, bizitokiko irisgarritasuna bermatze aldera. Halere, badira oraindik bloke unifamiliarretan bizi direnak, hamar etxebizitzatik bat baita unifamiliarra.
Ataunen (1), Ezkio-Itsason, Legorretan eta Olaberrian (2) eta Lazkaon (8) eraiki dira etxebizitza berriak
Oro har, bainugela bakarreko eta bost gelako etxebizitzak nagusitzen dira Goierriko eskualdean, nahiz eta badiren bainugela bat baino gehiagoko eta gela askoko etxebizitza ugari. Tendentzia bera ageri da Euskal Autonomia Erkidegoan: familia etxebizitzen hiru laurdenek 4 edo 5 gela (bainugela, egongela eta sukaldea barne) eta ia etxebizitza guztiek (%99,7k) gutxienez bainugela bat dute. Goierrira itzulita, eskualdean dauden bizitoki guztien %83ak du berokuntza sistemaren bat jarrita, izan zentrala, banakakoa edo noizean behinekoa. Gainontzean, %41,6 da igogailua duten etxebizitzen zenbatekoa. Horrez gain, ia bizitoki guztiek dute telefono linearen bat instalatuta, zehazki, guztien %98,7ak, eta hodien bidezko gas instalakuntza, berriz, %59,1ean. Ur korrontearen hornikuntzari dagokionez, ia denak dira publikoak (%97) eta gutxi batzuk, berriz, pribatuak (%2,4). Azkenik, etxebizitza guztien %38,9ak du ur bero zentrala.
Etxebizitzen erabilera
Erabilerari dagokionez, azken urteotan etxebizitza ez nagusien kopuruak behera egin du eta ohiko etxebizitzen kopuruak gora. Etxebizitza ez nagusiak, bere horretan, pertsona batek bizileku gisa erabiltzen ez dituen etxebizitzak dira. Hau da, biztanle baten etxebizitza nagusia ez den edo eguneroko bizitzarako erabiltzen ez duen etxea da. Normalean, jabeek bigarren etxebizitza gisa izaten dituzte. Azken kontaketan Eustatek adierazi bezala, 10.000 biztanletik behera duten udalerrietan jaitsi da gutxien etxebizitza ez nagusien ehunekoa, zehazki %2,1, eta Goierriko eskualdea da horren adibide. Maila geografikoan ohiko etxebizitzen kopuruak, berriz, %0,9ko hazkundea izan du Goierriko eskualdean, eta hazkuntza hori izan duen laugarren eskualdea da EAEn, Plentzia-Mungia, Urola Kosta eta Gorbeialdearen atzetik.