Oianguk jokoan zeuzkan Gipuzkoako paleta txapelketako bi txapeletatik bat irabazi du
Nagusien 2. Mailan, Jose Manuel Garrido eta Aitor Otegi dira paleta larruz Gipuzkoako txapeldun, Olaberrian jokatutako finala 31-35 irabazita.
Olaberriko pilotalekuan jokatu zituzten, atzo igandea, Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako finalak, paleta larruzko modalitatean. Hiru neurketa izan ziren, nagusien mailetakoak hirurak. Ordiziako Oiangu pilota elkarteko pilotariek bi finaletan jokatu zuten, eta txapela 2. Mailakoan jantzi dituzte. Jose Manuel Garridok eta Aitor Otegik 31-35 irabazi zien Illunpeko Eneko Martija-Mikel Sanchez bikoteari.
Nagusien 3. Mailan, Oianguko Josu Oiarbidek eta Peru Ormazabalek ez zuten aukerarik eduki, eta EPLE klubeko Aitor Estefano eta Yorel Martinez 35-11 nagusitu zitzaizkien.
Nagusien 1. Mailako finala Errepala elkarteko bi bikoteren artean ebatzi zuten. Iñigo Navarro eta Valentin Cambos (Errepala-2) suertatu ziren txapeldun, Aitor Brosa eta Gabriel Sylvain bikoteari (Errepala-3) 35 eta 30 irabazita.