Bizitzak tentsiopean
Beasain, Ordizia eta Lazkao tentsio eremu izateko baldintzak betetzen zituzten herrien artean zeuden 2023ko abenduan. Tentsio eremu izateak alokairuan eragin zuzena du.
Azken urteotan, etxebizitzen prezioek etengabeko igoera izan dute eta horrek etxeetako ekonomian eragin zuzena izan du, pertsonen erosteko ahalmena murriztuz. Duela urtebete Eusko Jaurlaritzak Beasainek, Lazkaok eta Ordiziak tentsio eremu izateko baldintzak betetzen zituztela jakinarazi zuen. 2023ko abenduaren 14an aurkeztu zuen Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitzen alokairuari eta tenkatutako eremuei buruzko azterketa eta, horren arabera, Goierriko hiru udalerriek izendapena jasotzeko baldintzak betetzen zituzten.
Zumarragak ere egin zuen eskaera, baina ez zituen bete beharreko kondizioak betetzen. Udalerri bat tentsio eremu izendatzeko bi neurgailu erabiltzen dira: alde batetik, diru sarreraren %30 etxebizitzaren mailegurako edo alokairurako enplegatzea, eta bestetik, azken bost urteetan alokairu edo salmentaren prezioaren igoera Kontsumo Prezioaren Indize metatua baino hiru puntu altuagoa izatea. Kasu honetan, %17 izango litzateke ezarritako muga. Nahikoa da bi baldintzetako bat betetzea tentsio eremu bilakatzeko.
Udalerri bat tentsio eremu izendatzeko bi neurgailu erabiltzen dira. Nahikoa da bi baldintzetako bat betetzea tentsio eremu bilakatzeko
Hiru udalerrietan emandako joera antzekoa izan zen. Hiruretan etxebizitzaren errenta ordaintzeko ahaleginaren portzentaia %30etik beherakoa izan zen, eta errentak azken bost urteetan izandako igoera, berriz, %17tik gorakoa. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzaren Behatokiak argitaratu zuen orduko txostenaren arabera, Beasainen errentak azken bost urteetan izandako igoera %17,39 izan da. Halaber, 2022ko batez besteko alokairu errenta 640,50 euroan zegoen. Bestetik, etxebizitzaren errenta ordaintzeko ahaleginaren portzentaia, %24,06 izan zen. Lazkaoren kasuan, errentaren igoera azken bost urteetan %17,23 izan da eta 2022ko batez besteko alokairu errenta 591,8 euroan zegoen. Bestalde, etxebizitzaren errenta ordaintzeko ahaleginaren portzentaia %22,68 izan zen. Azkenik, Ordiziari dagokionez, errentaren igoera azken bost urteetan %18,67 izan da eta 2022ko batez besteko alokairu errenta 624,8 eurokoa. Txosteneko datuen arabera, etxebizitzaren errenta ordaintzeko ahaleginaren portzentaia %24,34 izan zen.
Azken txostenaren datuak
2024ko otsailean datuak eguneratu zituen Etxebizitzaren Euskal Behatokiak, eta azken txostenean jada Lazkao, Ordizia eta Beasain ez dira tentsio eremu baldintzak betetzen dituzten udalerrien artean ageri. Hala ere, Beasaingo Udalak, etxebizitza eskuratzeko arazoa izan zuen hizpide otsailean egindako osoko bilkuran. Mahai gainean, Beasain tentsio handiko eremu izendatzeari buruzko mozioak jarri zituzten, bi izan baitziren. Bata, EH Bilduk aurkeztutakoa, PSE-EEk eta Podemosek babestu zutena. Bestea, EAJk aurkeztu zuena. Alderdi jeltzaleak gehiengo absolutua izanik, eurek aurkeztutakoa atera zen aurrera. Hain zuzen ere, tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera, tokiko erakundeek egin behar dute eta legearen arabera, izendapena lortzeko, memoria bat egin behar da. Memoria horretan biztanleen beharrak asetzeko adina etxebizitza ez dagoela arrazoitu behar da, datu objektiboen bidez; eta etxebizitza berriak osatzeko dinamikak txertatu behar dira, etxebizitza eskuratzea eskuragarria izan dadin, baldin eta aurrez aipatutako baldintzetako bat gutxienez betetzen bada.
2024ko otsailean datuak eguneratu zituen Etxebizitzaren Euskal Behatokiak eta azken txostenean jada Lazkao, Ordizia eta Beasain ez dira tentsio eremu bezala ageri
Izendapena hiru urtez egongo da indarrean, eta urtero luzatu ahal izango da, prozedura bera jarraituta. Horretarako, izendapenaren arrazoiek jarraitu egin behar dute, eta aurreko izendapenaz geroztik egoera konpontzeko edo hobetzeko hartutako neurri eta ekintza publikoak justifikatu behar dira. Tentsio handiko eremu izendatzeak, batez ere, alokairuaren prezioan ditu ondorioak: kontratuak amaitzean maizterrek kontratu hori hiru urtez baldintza berdinetan luzatzeko aukera dute; maizter berriei urteko eguneratzeko klausula baino ezin zaie aplikatu alokairuaren prezioan eta azken bost urteetan alokatu gabe egon diren etxebizitzen kasuan ere alokairuaren prezioak ezin du gainditu estatuak ezarritako gehienezko muga.
Goierri mailan ez da ohikoena etxebizitzak alokatzea, ahal dela erostea baizik, hala diote Goierriko hainbat higiezinen agentzietako langileek. Lazkaoko Lamy higiezin agentziako Gorka Lamyk dio, alokatzen duten pertsonen profila, «bikote gazteak» direla, soldata «onak» dituztenak. Hala ere, horien joera alokairua aldi baterako hartzea da, etxe bat erosteko aurrezten duten bitartean. Gazteez gain, «kanpotar jendea» da alokairuan bizi den beste gehiengo bat. Alokatzea aukera bat den arren, Gune agentziako Miguel Angel Idiakezen esanetan, orokorrean, Goierri eskualdean oso etxebizitza «gutxi» dago alokatzeko, bai herri handietan zein txikietan, eta alokairuan ateratzen diren etxebizitzak «bi egunetan» betetzen dira. Gaineratu du, herri handietan beti dagoela aukera gehiago, baina, hala ere, dagoen eskaintza oso txikia dela. Egun, Beasain da alokairu aukera gehien dagoen herrietako bat, baita garestienetako bat ere. EAEko alokairu-merkatuaren estatistiken txostenak dio, Goierriko alokairuen batez bestekoa 585,3 euroan dagoela.
- Beasain. Errentak izandako igoera azken bost urteetan: %17,39. Errenta ordaintzeko ahalegina: %24,06.
- Lazkao. Errentak izandako igoera azken bost urteetan: %17,23. Errenta ordaintzeko ahalegina: %22,68.
- Ordizia. Errentak izandako igoera azken bost urteetan: %18,67. Errenta ordaintzeko ahalegina: %24,34.