Ezarri enpresako Jose Angel Murok jasoko du Joxe Mari Korta Saria
Eusko Jaurlaritzak enpresaritza arloko aitorpena egingo dio aurten arte Lazkaoko mosaiko enpresaren zuzendari izan denari.
Goierriko enpresaritzari eta, bereziki, Lazkaoko Ezarri enpresari estu lotutako Jose Angel Muro Zabaletak jasoko du Joxe Mari Korta 2024 saria, Eusko Jaurlaritzak euskal enpresari nabarmenei ematen dien urteroko aitortza. Lazkaoko Ezarri Mosaikoak enpresako zuzendaria izan da, aurten kargua utzi duen arte. Administrazio Kontseiluko presidente da orain. 1988tik lan egin du Murok Ezarrin, eta nazioarteratzearen eragile nagusietako bat izan da.
Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna 1987an Deustuko Unibertsitatearen Donostiako fakultatean, 1988ko uztailean hasi zen Ezarrin. Esportazioen arduraduna izan zen, 1994ra arte. Enpresaren berregituratzean, bost bazkideetako bat bihurtu zen Muro.
Azken agerraldi publikoa lehengo asteazkenean egin zuen Murok, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Rethink Industry topaketan. Enpresen barruan belaunaldien aldaketari eta errelebo-prozesuei aurre egiteko gakoak ematea zen topaketaren helburua. Muroren esanetan, jatorrian bertan sustraitzea eta bertan geratzea izan dira Ezarriren arrakastarako giltza batzuk. “Gure sektorean enpresa garrantzitsuenak Castellon daude, baina guk ez genuen jabetza hemendik ateratzea nahi. Beti bilatu dugu hemengo bazkideren bat”, azaldu zuen Murok, Enpresabidea agerkariak jaso duenez.
Ezarriren kasuan ere, belaunaldi aldaketa eta gidaritza ordezkapena burutu behar izan dute, bazkideen erretiroen ondorioz. Lehenbizi, 2017an, jabetza aldaketa egin zuten, akziodunen egitura berrituta. 1994ko bost bazkideek zati bat mantentzen dute. 2020tik Inzu Groupeko parte da Ezarri. Orain, zuzendaritza aldatzen ari dira. Murok aurten utzi du enpresaren ardura exekutiboa, eta administrazio kontseiluko presidentetza postutik “behar denean laguntza ematen eta azoketara joaten” jarraitzen du, “baina zuzendaritza jada beste batzuen esku dago”.
Ezarriren ibilbidea
1979ko abenduan hasi ziren mosaikoen ekoizpenean lanean, Ikaztegietan lantegia irekita. 1982an, Frantziako merkatura sartu ziren. “Hasieratik, esportatzeko bokazioa eduki dugu. 1982tik, Frantziako merkatuan erreferente bat da Ezarri, eta, geroztik, beste herrialde askotan ere bai”, dio enpresak bere webgunean. Nazioarteratzea 1994an sendotu zuten, Europan, Ekialde Hurbilean, Afrika iparraldean eta Latinoamerikan salmentak finkatuta. “Ezarri nazioarteko erreferente bilakatu zen”. Azken hedapen handia 2013an gauzatu zuten, Asia hego-ekialdean, AEBetan eta Kanadan merkatu berriak zabalduta.
Teknologia arloan ere aurrean kokatzeko apustua izan da Ezarriren estrategian beste puntu garrantzitsu bat. 1991n JointPoint sistema eta marka aurkeztu zuten, beirazko baldosatxoak panelatzeko, tartean itsaskarri-puntuak aplikatzeko teknologia. “Lehenengo enpresa izan ginen puntuen sistema erabiltzen. Hala, JointPoint marka garatu genuen, mosaiko-panelatzean kalitatearen erreferente goren gisa”.
2000n inauguratu zuten Lazkaoko Zubierreka industrialdeko lantegi handi berria. I+G+B saila eta diseinu saila sortu zituzten han. 2006an jarritako biltegi automatikoa ere mosaiko eskaintzaren eta bezeroei zerbitzatzeko unerako berebiziko urratsa izan zen. “Biltegi automatikoa, 300.000 metro koadroko edukierakoa, gure erreferentzien %95 stockean edukitzeko eta gure bezeroei premium zerbitzua emateko funtsezko inbertsioa izan zen”, dio enpresak. 2016an, inprimaketa digitalarekin mosaikogintzan “mundu berri bat zabaldu” zuen, testura eta akabera aldetik aurrerapausoa emanda. “Beti punta-puntan aritu gara, ekoizpenean garapen berriak martxan jartzeari dagokionez”.