«Kaleko kazetaritza gustatzen zait gehien»
Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak Euskal Kazetariak saria emango diote gaur Aintzane Bolinagari, Bilbon. Berrogei urteko ibilbidea egin du Bolinagak EITBn.
Euskal Telebistan lanean berrogei urte egin ditu Aintzane Bolinaga kazetariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1962). Askotariko lanak bete ditu albistegietan, eta editore ere aritu izan da. Gaur egun, berriemaileen taldean ari da. «Harriduraz» hartu zuen saritua izango zelako berria.
Errefuxiatu sahararren kanpamentuetan izan zara berriki, erreportaje batzuk egiten. Zer moduz joan zen bidaia?
Nahiko gogorra. Bagenekien ez gindoazela paradisura; egoera gogorra topatuko genuela bagenekien, baina niri uste baino gogorragoa iruditu zait. Hunkituta etorri naiz, kezkatuta, eta ikusi dut herri bat erresistentzian dagoena. Baina etorkizun handirik gabe, eta galdera asko sortzen zaizkizu: munduak nola izan dezakeen horrelako jende talde bat egoera horretan bizitzen; eta zer espektatiba, eta zergatik? Merezi ote duen horrelako bizitza izatea, beste alternatiba erosoago batzuk baztertuta… Miretsi egiten dituzu. Kosta egiten da…
Askotan egokitu zaizu kanpora joatea erreportajeak egitera. Zer lan bidaia berezi nabarmenduko zenuke?
Albistegietan lau lagun gaude berriemaileen taldean. Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi eta bi hilabetera, bidaia berezi bat egokitu zitzaidan: Ukrainak muga duen hainbat herrietara joan ginen. Hamar egunez izan nintzen Moldavian, Errumanian eta Polonian. Oso interesgarria izan zen. Kazetari batentzat, horrelako esperientzia bat oso aberasgarria da.
Euskal Herrian batera eta bestera ere ibili behar izaten duzu.
Bai, hori da berriemailearen lana. Kalea da egin dezakedan gauzarik politena. Kalean lan egitea gustatzen zait. Jendearekin hitz egin, eta istorioak kontatu.
Gehiago gustatzen zaizu hori editore lana baino?
Bai. Bakoitzak berea du. Editore lana ere gustatzen zitzaidan. Baina une honetan berriemailearen lanarekin asko disfrutatzen ari naiz. Neure burua libre sentitzen dut, istorioak guk planteatzen ditugu, eta alde horretatik oso ondo konpontzen gara lantaldean. Momentu honetan, hau da egin nahi dudana.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.