Zergak eta tasak %3 igotzea onartu du Idiazabalgo Udalak
Etxebizitzei eragiten dien zerga salbuespena izango da, %1a igota. Udal zerbitzuen eguneko sarrerak ere bere horretan mantenduko dira. Hobariei dagokienean, ez da aldaketarik aurreikusi.
Idiazabalgo Udalak %3 igoko ditu udal zergak eta tasak 2025ean. Hala erabaki du udalbatzak aho batez, urriko osoko bilkuran. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga —OHZ— izango da salbuespena, %1eko igoera aplikatuko baita kasu honetan. Hobarietan ez dute aldaketarik aurreikusi eta aurten aplikatutako hobari berak aplikatuko dira datorren urtean ere.
Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak aurreratu duenez, Kontsumo Prezioaren Indizearen —KPI— aurreikuspenaren araberako igoera ezarriko zaie udal zerga eta tasei; «urtea amaitzerako %2,9 igoko dela aurreikusi da eta horregatik erabaki dugu %3a igotzea», azpimarratu du.
Igoera bera izango da zerga eta tasa guztietan, salbuespenak salbu. OHZari dagokionean, %1eko igoera aplikatuko zaie idiazabaldarrei datorren urtean. «OHZ balio katastralari lotutako zerga da. Gipuzkoako Foru Aldundiak %2 igoko du balio katastrala datorren urtean, horregatik onartu dugu guk %1eko igoera, biak batuta, %3ko igoera osatzeko», adierazi du.
Zaborraren tasa
Udal zerbitzuen baitako eguneko sarrerak ere— igerilekua, kiroldegia, Gaztaren interpretazio Zentroa…—, igoera honetatik salbuetsita geratu dira. «Sarrera horien prezioak prezio osoak dira eta bere horretan mantenduko ditugu», gehitu du. Prezio hauei %3ko igoera aplikatuz gero, zenbaki osoak izateari utziko lioketelako.
Udal tasei dagokionean, zaborraren tasaren igoerak zer esan handia eman du udalerri askotan. «Zabor bilketa zerbitzua, orain arte, erabat defizitarioa izan da udaletxe gehienentzat. Hori erregulatze aldera, Europar Batasunak araudi berri bat onartu du, non udalak zerbitzuagatik jasotzen duen eta ordaindu behar duen diru kopuruak bera izan behar duela esaten den. Ondorioz, hainbat udalerritan tasa hori asko igo behar izan dute zerbitzuaren kostua parekatzeko», dio Alberdik. Ez da Idiazabalgo kasua izan, aurreko urteetan ere, «hainbat igoera txiki» aplikatuz joan baitira.