«Ile apaintzaileok sukaldarien lan egiteko modua jarraitu nahi dugu»
Harkaitz Barreros (Urretxu, 1978) ile apaintzaileak goi mailako ile apainketa ardatz duen ekitaldi batean parte hartu behar du Madrilen. ‘Soul of Hair’ du izena eta helburua ile-apaintzaileak elkartzea da.
Soul of Hair hilaren 17an eta 18an egingo dute. Urretxuko ile apaintzailea Joana Cuñado lankidearekin eta Josu Maroto marrazkilariarekin joango da bertara. Barrerosek eta Cuñadok beraien azken bildumaren berri emango dute. ADN du izena.
Zer da ‘Soul of Hair’?
Ile apaintzaile lanbidea maite duen jendeak antolatutako proiektua da. Gure lanbideak eboluzionatzen jarraitzeko beharra duela uste dugu, iraganeko eta egungo erremintekin eta etorkizunera begira. Soul of Hair ekitaldi bat baino zerbait gehiago izatea nahi dugu: gainontzeko ile apaintzaileentzat inspirazio iturri izatea nahi dugu. Parte hartzaileek moda, tendentziak eta etorkizuna ikustea nahi dugu. Edertasuna eta lanbidea goraipatu nahi ditugu. Hori guztia, gure negozioak ahaztu gabe, noski: gure zerbitzua nola pertsonalizatu, etorkizuna nola landu… Gainontzeko ile apaintzaileak inspiratu nahi ditugu eta beraiekin gozatu nahi dugu, anbizio eta gustu berak baititugu. Azken finean, Soul of Hair ile apaintzaileentzat pentsatutako ekitaldi bat da.
Ile apainketaren etorkizuna lantzeko egitasmoa da, beraz.
Hori da. Ile apaintzaileentzat pentsatutako ekitaldia da. Ez du babesle batek sortu. Atzean ez dago babeslerik. Zergatik? Sukaldarien filosofian oinarritu gara. Sukaldariek sekulako komunikazio eta marketin lana egin dute eta beraien kezkak partekatzen dituzte. Beraien lan egiteko modua jarraitu nahi dugu.
«Gure egitasmoa independentea da: lanbidearekiko maitasunak mugitzen gaitu, ez diruak»
Nortzuk zaudete ‘Soul of Hair’-en atzean?
Hiru ile apaindegi: Tony&Guy, Duality Hair Education eta HMotion. Horretaz gain, ile apainketaren sektorean espezializatutako agentzia batek marketin eta komunikazio hitzaldia eman behar du. Duality Hair Education Madrilgo enpresa bat da. Ile apaintzaile familia bateko laugarren belaunaldia da eta hobekuntza zentro bat du. Mundu mailako ospea dute eta marka handien babesa duten ile apaintzaile komunitateei izkin egiteko beharra ikusi dute. Gure egitasmoa independentea da. Gure lanbidearekiko maitasunak mugitzen gaitu, ez diruak. Ile apainketaren munduan mugarria izango da eta guretzat oso garrantzitsua da bertan egotea.
Zer egin behar duzue?
Azaroaren 17an eta 18an mundu mailako 100-120 ile apaintzaile Madrilen elkartuko gara. Igandean gala bat egingo dugu eta gu hirurotako bakoitzak bere lan berria aurkeztuko du. Gureak ADN du izena. Bi modelo orraztuko ditugu eta Josu Marotok marrazkiak egingo ditu, aldi berean. Tony&Guyren abangoardiako ile apainketa, Duality Hair Educationen lan komertzialagoak eta gure lan alternatiboak ikusiko dira. Astelehenean, berriz, hiru ile apaintzaileok gure lanaren berri emango dugu. Hori ez da sekula egin, beti lehiakortasun handia egon baita. Sarrerak berehala agortu ziren.
«27 urte daramatzat lanbidean eta ‘Soul of Hair’ orain arteko egitasmo garrantzitsuena da»
Zer diozue zuen lanaz?
Euskal Herriko jendearekin lan egitea gustatzen zaigu. Hori dela eta, Eder Aurre diseinatzaile bizkaitarraren arropa eramango dugu Madrilera. Musikaz Joseba Manteca arduratuko da. Hau guztia ez litzateke posible izango laguntzarik gabe. Oso ondo inguratuta nago. Joana Cuñado lankidea ezinbestekoa dut. Madrilen Patrizia Robel andaluziarraren eta Juan Isidoro madrildarraren laguntza izango dugu. 27 urte daramatzat lanean eta Soul of Hair orain arteko ekintza garrantzitsuena da. Ametsa da.