Itsaso auzo-udal bihur daiteke urtea bukatu aurretik
EH Bilduk jakinarazi du urtea amaitzerako arau horren egokitzapena adostu dutela Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Itsaso auzo-udal bihur daiteke urtea bukatu aurretik. Hala ondoriozta daiteke EH Bilduk komunikabideetara helarazitako oharrak jasotzen duenez. Koalizioaren esanetan, Itsaso auzo-udal izatea ahalbidetuko lukeen Foru arauaren egokitzapena urtea bukatu aurretik onartzea adostu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 Foru araua litzateke aldatu beharrekoa.
Itsasoko herritarren %74ek udalerri moduan osatzearen aldeko egin zuten 2016an herri kontsulta batean, baina, 2020an, Espainiako Auzitegi gorenak Estatu espainiarraren administrazio orokorrak aurkeztutako helegitea ontzat eman eta baliogabetu egin zuen erabaki hori, udalerri izateko 5.000 biztanleen langa gainditu behar zela argudiatuz.
Jon Altolagirre EH Bilduren batzarkideak honako irakurketa egin du: “Hau ere euskaldunok oro har eta gure instituzioek pairatzen duguna da: subiranotasun osoa ez izatearen ajeak, gure lurraldea, gure mapa instituzionala nola egituratu behar den erabakitzea ere ez zaigu uzten”.
Urteetako geldialdia
Baliogabetze horren ondoren, EH Bilduk auzo-udal edo tokiko entitate txiki izateko aukera jarri zuen mahai gainean. “Itsasoko zein Angiozarko gehiengoak hala eskatuta, ebazpen proposamen moduan aurkeztu genuen. Tamalez ez ziren ez bata ez bestea aurrera atera”. Hala ere, urte hartako agintariek 2/2003 Foru araua aldatzeko ponentzia martxan jartzea erabaki zuten. “Txostenean ondorio eta foru arauari egin beharreko zuzenketak jaso ziren, udal barrutiak aldatzeko prozedura zehatzei dagozkienak, edota tokiko entitate txiki bezala eratzeko betekizunei dagokiena”, dio Altolagirrek.
Aldaketa hori eginez gero, “bete-betean” eragingo lioke Itsasori, eta prozedurarekin zerikusia duten aldaketekin batera, foru arauaren zuzenketa horrek ahalbidetuko luke automatikoki Itsaso auzo-udal edo tokiko entitate txiki izatea. “Aurreko legegintzaldia amaitu eta berria ere hasi zen, eta aipatutako ponentzian eman zen adostasunak ez du oraindik proposatutako emendakina jasoko lukeen foru arau aldaketa ekarri, hain zuzen, Aldundiak ez du tarte honetan foru arau berririk ekarri”.
Egoera honen aurrean, EH Bilduk dio “arduraz bizi” izan duela “paralisi hori”, eta “egonezin horri” erantzuten diote ekainaren 25ean aurkeztu zuen idatzizko galderak, eta osoko bilkurara ekarri zuen ebazpen-proposamena. “Ikusita gai honetan dugun oinarrizkoa adostasuna, ulergaitza egiten zitzaigun ustez arazo handirik sortzen ez duen foru arauaren aldaketa Aldundiak berehalakoan Batzar Nagusietara lehenago ez ekarri izana”.