Ataun festan da
San Martingo festen hasierako txupina bota dute, herriko eskolako 6. mailako ikasleen pregoiaren ondoren. Bost egun dituzte aurretik ataundarrek.
Ataungo San Martin jaiak hasi dira. 16:30ean puntuan, udaletxeko goiko balkoi luzetik irakurri eta abestu dute pregoia Joxemibel Barandiaran herri eskolako LH6ko ikasleek. Lau bertso kantatu, udal ordezkari batek suziria piztu, eta lehertu orduko egin du eztanda festak ere. Goxokiak balkoitik kalean zain eta jaiei ekiteko irrika ezin ezkutatuarekin zeuden kideei purradan goxokiak bota ondoren, buruhandiak irten eta zabaldu da auzoan giroa eta jai-usaina.
Iragarri baino ordu erdi bat lehenago jo dute txupinazoa, arratsaldean Joxe Goikoetxea ataundar zenaren agur ekitaldia egingo baita. Festei dagokienez, patata-tortilla lehiaketa izango da ostegun honetako estreinako gozagarria. 30 mahaitan prestatuko dituzte tortillak –mugatutako kopuruaren gorena–, beste horrenbeste bikotek edo taldek. Haiek epaitu eta saritu ondoren, herri afaria egingo dute, norberak eramandakoarekin. Ohi bezala, San Martingo plazan karpa zabal bat kokatu dute, bihartik aurrera umeltzera eta freskatzera eman duen eguralditik babesteko. Gauean, Jon Plazaola umoregile urretxuarrak umorezko bakarrizketa egingo du.
EGITARAUA
Gaur, osteguna
17:00. Txupinazoa, purrarekin.
Gero. Buruhandiak, txokolatea.
18:30. Patata tortilla lehiaketa.
21:00. Afaria, karpan.
22:00. Jon Plazaolaren ‘Tutum Platz’ bakarrizketa.
Ostirala, kuadrillen eguna
10:00. Puzgarriak.
13:00. Kuadrillen juntadizoa plazan, eta karropoteoa.
14:30. Kuadrillen bazkaria.
17:00. Haurrentzat olinpiadak.
18:00. Patxangoi elektro-taldea.
Ondoren. Kontzertua, Oargin.
21:00. Afaria.
23:30. Muxutruk taldea.
Larunbata, mozorrotuen eta haurren eguna
Goizean. Herriko txistulariak.
11:00. Haurren toka, Aizkoaten.
12:00. Buruhandiak.
12:30. Toka helduentzat.
13:30. Haurren bazkaria.
Ondoren. Ume jolasak.
16:00. Mus lehiaketa, Aizkoaten.
16:00. Xaibor disko-festa.
17:00. Futbitoko finala.
18:00. Mozorrotuen juntadizoa.
19:00. Sagardo dastaketa.
21:30. Herri afaria.
23:30. Ameba eta Mugi taldeak.
Igandea
Goizean. Argazki erakusketa.
11:30. Sortzaile eta artisau azoka.
12:30. XII. Mondeju Lehiaketa.
12:30. Kantu poteoa.
17:30. Otsoak dantza taldea.
19:30. Bertsolari jaialdia.
Astelehena, San Martin
12:00. Haurrentzako mahai-futbol txapelketa.
Meza ondoren. Jubilatuentzat salda eta mokadua.
13:00. Artzain txakur lehiaketa.
16:00. Bizikleta gymkana.
17:15. Haurrentzat askaria.