Badator San Martin feria
Gazta lehiaketa, abereen erakusketa eta artisautza postuak izango dira, larunbatean. Ikus entzunezko batek eta film emanaldiek osatuko dute egitaraua, gaur eta igandean.
Larunbat honetan ospatuko dute Zegaman San Martin feria. Urteko egun kuttunetako bat da Zegaman, «herriko festekin batera, urteko egunik politena da zegamarrontzat», berretsi du Denis Perez, Zegamako Kultura zinegotziak. Zegamako belaunaldi gehienek «betidanik» ezagutu dute San Martin feria herrian. «Nobedade handirik gabekoa» bada ere, egitarau betea antolatu dute larunbaterako. Nabarmentzekoen artean, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko 25. gazta lehiaketa, herriko abereen erakusketa eta lehiaketa, eta herritarren arteko eskuz binakako 25. San Martin pilota txapelketako finalak.
Antolatuta dauden ekitaldi guztietatik ikusmira handiena pizten duenetako bat da gazta lehiaketa. Uda sasoian, Aizkorri-Aratz natur parkeko lurren aprobetxamendua egiten duten artzainen gaztak aurkezten dira lehiaketara, aurten «15 bat» izango dira, Zegamako Udaletik jakitera eman dutenez. Azken bi urteetan gazta goierritarrak izan dira irabazleak, segurarrak biak: Eneko Goibururena iaz, eta Aizpea gaztandegikoa orain bi urte.
30 abeltzain erakusketan
Eguneko beste hitzordu garrantzitsuetako bat izaten da herriko abereen erakusketa eta lehiaketa. «Herriko baserritarrek urteko lana erakutsi nahi izaten dute eta buru dotoreenak eramaten dituzte. Ganadu dezente elkartzen da. Behiak, behorrak, ardiak eta ahuntzak dira ohikoenak, baina urtero azaltzen da berritasunen bat, basurderen bat edo…» adierazi du Perezek. Asko izaten dira erakusketan parte hartzen duten abeltzain zegamarrak, aurten 30 bat izango dira, guztira. Erakusketa pilotalekua eta Urgainberri auzora bitarteko eremuan jarriko dute.
Goiz osoan zehar, artisautza produktuen azoka ere izango da Aitxuri herri eskolako patioan, pilotalekuan eta plazan eta baita txakolin dastaketa (13:00) Tartaloetxe elkartean, besteren artean. Arratsaldean, buruhandiak (17:30) eta herritarren arteko eskuz binakako 25. San Martin pilota txapelketako finalak pilotalekuan (18:00).
Egun handia larunbatekoa bada ere, aurretik eta ondoren ere izango da ekitaldirik. Ostiralean, 18:00etan, Baltoro ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute gaztelekuan Mattin Iñiguez zegamarrak eta Jose Ramon Agirre —Marron— ataundarrak. Igandean, aldiz, San Martinetako zinema saioa antolatu du Aizkorri guraso elkarteak. Adinka banatuta, Miss Sunshine txikia (15:30), Pantera arrosa (17:15) eta Nur eta herensugearen tenplua (17:45) eskainiko dituzte eskolako gimnasioan.