Izaskun Vazquez eta Maren Abasolo dira jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketaren irabazleak
Guztira 82 lan aurkeztu dituzte haurren sailean eta helduenean aurreko urteetan baino gutxiago. Lan irabazlean gizarte etxean jarriko dituzte ikusgai, Ander Deunaren jaietan.
Gaur goizean banatu dituzte Ormaiztegiko Ander Deunaren jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketako sariak. Helduen atalean Izaskun Vazquez Ortiz de Zarateren lana izan da irabazlea eta haurren sailean aldiz, Maren Abasolo Ibargurenena. Aurten, guztira, 82 lan aurkeztu dituzte haurren sailean —LH 1. mailatik LH 6. mailara—. Helduenean berriz, aurreko urteetan baino dezente lan gutxiago jaso dira. Lan irabazleek ilustratuko dute aurtengo Ander Deunaren egitaraua, Vazquezena azala izango da eta Abasolorena kontrazala.
Sari banaketa ekitaldia San Andres herri eskolan egin dute goizean. Jon Enrike Ormaiztegiko alkatea eta Marijo Ruiz de Zuazo Berdintasun zinegotziak banatu dituzte sariak: 500 euro Vazquezentzat eta 50 euro Abasolorentzat. Parte hartu duten haur guztiek ere esker oneko oparia jaso dute, jostailu bat maila eta ikasgela bakoitzeko. Bide batez, Ormaiztegiko Udalak San Andres herri eskolari eskerrak eman nahi izan dizkie “kartel lehiaketaren antolaketa eta garapenean emandako laguntzagatik eta erakutsitako elkarlanagatik”.
“Ezustekoa” Vazquezentzat
Vazquezek “ezustean” jaso du saria, eta aitortu du alabak konbentzituta aurkeztu zela lehiaketara: “Berak lehiaketan parte hartuko zuela esan zidan, baldin eta nik ere parte hartzen banuen”, kontatu du. Marrazki ez dela bere indargunea aipatu du, baina “arratsalde euritsu batean, alabarekin batera margoak atera eta marrazten hasi ginen”, dio. Hasiera batean ez zuen oso garbi zer zen marraztuko zuena, baina “garbi nuen ez nuela zubia edo udaletxea agertzerik nahi”.
Lan irabazleak gizarte etxean jarriko dituzte ikusgai Ander Deunaren jaiak iraun bitartean, azaroaren 22tik abenduaren 1era. Gainontzeko lanak, udaletxe aurreko pantaila digitalean jarriko dituzte azaroaren 22tik abenduaren 17ra arte.