Kantaka abesbatzak barrokoari gorazarrea egingo dio
Kantakak Kontzertu Barrokoa egingo du igandean Lazkaon, koru, orkestra eta bakarlari multzo ezohikoa elkartuta. Mojen elizan izango da, eraikin barrokoari orduko musika erantsita.
Goierrin gutxitan izaten den bezalako aukera izango da igande honetan ahots taldeen, musikari profesionalen orkestraren eta goren mailako abeslari bakarlarien kontzertua entzuteko. Lazkaon, Kantaka abesbatzaren ekimenez, aldi apur horietako batek goratuko du musika-eskaintza. Kontzertu Barrokoa antolatu du, igandean 19:00etan moja zistertarren komentuko elizan izango dena. Herritar guztiei joateko deialdia eta gomendioa eman diete antolatzaileek, «ikusgarria» izango dela aurreratuta.
Musika barrokoari eskainitako emankizunerako, agertoki ezin aproposagoa aukeratu dute: Santa Ana eliza. Hain zuzen, XVII. mendean estilo barrokoa erne zen garai modutsukoa da eraikina bera, 1650ean altxatua. Euskal Herriko kultur ondare izendatu zuten 1994an.
Kontzertuak bi zati edukiko ditu. Lehenean, Johann Sebastian Bach alemaniarraren (1685-1750) elizako kantata ezagun bat eskainiko dute (Church Cantatas Bwv 147 Herz Und Mund Und Tat Und Leben). 25 minutuko iraupena du.
Bigarrena, Marc-Antoine Charpentier frantziarraren (1643-1704) Te deum barrokoa (H146) da. «Oso ezaguna da, hasiera da gero Eurovisionek sintoniatzat hartu zuena. Pieza oso distiratsua da, tronpetekin-eta, oso polita», aurreratu du kontzertua zuzenduko duen Javier Alberdik.
Goi mailako musikariak
Masa korala Lazkaoko Kantaka eta Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzek osatuko dute. 25 musika-irakasleren orkestra izango da, bestetik. Musika tresna barrokoren bat ere joko dute, tartean.
Bakarka abesten lau profesional ariko dira: Ana Otxoa sopranoa, Leticia Bergara altua, Iñigo Vilas tenorea eta Jose Javier Etxeberria baxua.
«Entzutera jende asko etortzea nahi eta espero dugu. Maila goreneko kontzertua izango delako, ezohikoa eta ikusgarria», azaldu du Alberdi zuzendariak.