Txirimiri elkartea, 50 urte herriaren alde lanean
Elkarte gastronomikoek ekarpen handia egin diote eta egiten diote gure gizarteari. Urretxuko Txirimiri elkartea horren erakusle bikaina da. Herriaren alde lan egiteko helburuarekin jaio zen eta hala jarraitzen du. Asteburu honetan 50. urteurrena ospatuko dute. Egitarau oparoa antolatu dute.
Txirimiri elkartea Urretxu eta Zumarragako elkarte gehienak sortu ziren garaian sortu zen. 25 laguneko kuadrilla batek sortu zuen eta beste 25i bazkide egiteko aukera eman zieten. Egun, 56 dira. Horietatik 10, emakumezkoak.
Pello Gonzalezek ondo ezagutzen du Txirimiriren historia, elkarteari buruzko liburua idatzi baitu urteurrenerako. «Urretxu eta Zumarragako elkarte gehienak 1970eko hamarkadan sortu ziren. Urretxuko etxe-orratzean lau daude. Lehena Urretxua izan zen, handik hilabete batzuetara gurea ireki zen, ondoren Etxe-Azpi eta handik bi urtera Zubi-Ondo. Gainontzeko gehienak ere garai hartakoak dira. Franco hilzorian zegoen, baina diktaduraren jarraipenaren alde lan egiten ari ziren. Hemen, ordea, gauzak aldatu nahi ziren. Gazteak oso kontrolatuta zeuden. Tabernetan polizia sekretuak egoten ziren», aipatu du.
Txirimiri kuadrilla 25 gizonezkok osatzen zuten. «Urretxua eta Ur-Gainekin batera, Euskal Jaiaren sorreran lan egin zuten. Kuadrillek beste gauza batzuk ere egin zituzten: pilota txapelketak antolatu, kanpitoan futbol zelaia egin, bertako futbol txapelketa sortu… Lehen txapelketa Txirimirik irabazi zuen, hain zuzen ere, 1960-61 denboraldian. Baina zerbait egin nahi zuten bakoitzean Arturoren tabernara joan behar ziren, egun Hirukia taberna dagoen tokian. Gainera, esan bezala, tabernetan polizia sekretuak egoten ziren. Hori dela eta, elkartea sortzea erabaki zuten: lasai egoteko eta herriaren aldeko ekitaldiak antolatzeko. Hori oso argi zuten. Bazkideek obran parte hartu zuten. Eta elkartea sortu eta hilabetera batzarra egin zuten eta bertan urtero ekitaldiak antolatzeko dirua jartzea adostu zuten: pilota jaialdia, mus txapelketa, danborrada…».
Elkarteko ardatza kuadrillako 25 kideak ziren, baina bazkide kopurua 50ekoa zen. Herriaren alde gogor lan egin zuten. Baina udal demokratikoek indarra hartu zutenean, elkarteen funtzioa apur bat aldatu zen. Izan ere, udalek ekitaldiak antolatzearen ardura hartu zuten eta elkarteak laguntzaile izatera pasa ziren. Hala, Txirimirik urtero Udazkeneko Musika Ziklora abestera etortzen den abesbatza bati afaria ematen dio, adibidez.
Ospakizuna
Horrelako elkarte baten 50. urteurrenak tamainako ospakizuna merezi du eta ekitaldi asko antolatu dituzte. Gainera, guztiak elkartean bertan izango dira. Bihar, 19:00etan, Txirimiriren 50. urteurrenari buruzko liburua aurkeztuko dute. Ekitaldia amaitutakoan, ale bana emango zaio bazkide bakoitzari. Luntxa ere egingo dute, ATA harategiak babestuta. 20:00etan elkarteen arteko mus txapelketa jokatuko da. Txirimiriko txapelketa Juan Mari Aldamak eta Antonio Rodriguezek irabazi dute. Beraiek ordezkatuko dute elkartea biharko finalean.
Urteurreneko egun nagusia larunbata izango da. Aurkezle lana Jexux Mari Alberdik egingo du. 13:00etan, bazkideei harrera egingo diete Mendiaraz Anaiak txalapartarekin (Iñaki Mendiaraz bazkidea da). Bazkideek aperitibo bat dastatuko dute eta 13:30ean berriro txalapartariek joko dute. Ondoren, Amaia Aranburu eta Aitor Txintxurreta bazkideek bertso batzuk abestuko dituzte eta bazkide gazteenak eta zaharrenak (Juan Jose Anduezak eta Iñigo Etxanizek) elkartearen bandera igoko dute. Jarraian, Josu Calvo, Andoni Rodriguez eta Jon Toledo bazkideek ohorezko aurreskua dantzatuko diete bizirik jarraitzen duten bazkide sortzaileei. Ainhoa Altzelai bazkideak joko du txistua. Gainera, oroigarri bana emango diete.
Hamar omenduak Juan Jose Andueza (oroigarria Pello Gonzalezek emango dio), Juan Mari Aldama (Jexux Lopez), Luis Mari Altzelai (Jesus Callejo), Javier Calvo (Josu Calvo), Jose Luis Idiakez (Aitor Txintxurreta), Alberto Tauske (Roberto Corera), Jose Ignacio Salaberria (Pello Gonzalez), Angel Garcia (bere seme Angelek jasoko du, bazkidea ere bai, Jexux Lopezen eskutik, aita Bartzelonan bizi baita), Salvador Navarro (Jesus Callejo) eta Jose Ramon Uregain (Josu Calvo) dira.
Amaia Aranburu eta Aitor Txintxurreta bazkideek bertso batzuk abestuko dituzte. 14:00etan bazkideek argazkia egingo dute elkartearen aurrean eta ondoren bazkaria egingo dute. Bazkaria Gorka Leal sukaldari donostiarrak prestatuko du elkartean bertan, bazkide guztiek festaz gozatu ahal izateko. Arbizu, Urzum eta Atxega banatzaileek bazkaria babestuko dute. Bazkalostean, Txirimiri abesbatzaren emanaldia izango da. Izan ere, bazkideei beti asko gustatu zaie abestea eta elkartean gitarra bat dute. Abesbatza 50. urteurrenerako sortu dute. Besteak beste, elkartearen ereserkia abestuko dute.
Elkarteen arteko anaitasuna
Ereserkiaren historia elkarteen izpirituaren erakusle bikaina da. 1962ko Euskal Jaiko desfilean Ur-Gain elkartearen karrozak su hartu zuen eta hiru lagun zauritu egin ziren. Txirimiriko bazkideek beraien aldeko diru bilketa antolatu zuten. Ur-Gainekoek, esker onez, Txirimiriko lagunei ereserkia konposatu zieten elkartearen inaugurazio egunerako.