Udal zerga eta tasetan %2,6ko igoera onartu du Beasaingo udalak
Hondakinen bilketaren tasa %10 igotzea onartu da. EH Bilduk eta Podemosek igoerari ezezkoa esan diote eta PSE-EE abstenitu egin da. CAF Israelen egiten ari den tren arinaren aurkako mozioak ez du babes nahikorik jaso.
Ordenantza fiskalen igoera onartu du Beasaingo udalbatzak urriko osoko bilkuran. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako eragina izango dute. Zerga, tasa eta prezio publikoetan %2,6ko igoera orokorra aplikatuko da. Igoera hau, argitara eman den Euskal Autonomia Erkidegoko KPIaren azken datuaren araberakoa izan da (2023ko abuztutik 2024ko abuztura). EAJren bozekin onartu da neurri berria. EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek kontra bozkatu dute, eta PSE-EE abstenitu egin da.
Ondasun higiezinen gaineko zergan %75eko hobaria onartu dute Bizigune, ASAP edo antzeko programen bidez alokairuan emandako etxebizitzen kasuan. Orain arte %50eko hobaria aplikatu zaie, beraz %25 igo da hobaria.
Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan %2,6koa da igoera, baina mugikortasun urria duten herritarrentzat salbuespena aplikatuko da. Eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zergan, %2ko koefizientea aplikatuko zaien etxebizitzen eta lokalen antzinatasun urteen kopurua aldatzen da: 55 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten eraikinetara aplikatuko da 2025etik aurrera.
Baimenak eta dokumentuak emateagatik, tasa berri bat gehitzea proposatzen da. Antzizarko sorkuntzarako lokalen txartela egiteagatik, 5 euro.
Hondakinen bilketa eta tratamenduari dagokionez, zabor tasak %10 igoko dira. Honela, etxebizitzak 139,70 euro urteko eta garaje bakarrekoak edo lokal itxiak 23,76 euro urteko ordainduko dute.
Udalekuetako zerbitzuari dagokionez, tasak 10 euroko igoera izango dute tarte bakoitzeko. Adinekoentzako udal ostatu zerbitzurako eguneko tasa, berriz, 20,75 eurokoa izatera pasako da.
Prezio publikoei dagokienez, ibilgailu elektrikoentzako errekarga puntuetako argindar horniduraren prezioa 0,42 euro/kWo izatera pasako da.
30 laneguneko epean jendaurrean egongo da, erabakien erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.
Bozen argudioak
EH Bilduk ezezko bozka eman zion proposamenari talka egiten duelako «progresibitatean eta etxebizitza» arloan. EH Bilduren argudioen arabera, «beasaindarren arteko ezberdintasun ekonomiko eta sozialetan dagoen arrakala txikitzeko beste aukera bat galdu egin da» ordenantzaren berrikuntza honekin.
Etxebizitza arloari dagokionez, alokairu programetan dauden etxebizitzei hobaria igotzea izan da EAJren proposamena. Baina etxebizitza hutsei errekargua jartzearekin erabat bateragarria dela dio EH Bilduk. «Alokairuko etxebizitza parkea handitzen lagunduko duten neurri guztiak dira beharrezkoak tamalez, hobariak eta errekarguak».
Azkenik, genero ikuspegiari ere egin dio erreferentzia EH Bilduk; «Zerga edo tasaren bat oinarri hartu eta sexuaren arabera bereiztea, ondoren hau aztertu eta zuzenketa neurriak non eta nola aplikatu», proposatu du EH Bilduk.
Tren arina eteteko mozioa
Eguneko gaien artean, Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, Israel Gazan egiten ari den sarraskia dela eta, CAF enpresak Jesusalemen tren arina zabaltzeko proiektua berehala bertan behera utz dezala eskatzeko mozioa aurkeztu zuen.
Udalbatzaren aurrean aurkeztu zuen idatziak, azken urtean Gazako biztanleek jasan behar izan dutenaren errepasoa egiten du. Gogoratu zuen, testuinguru horretan ari dela garatzen tren arina.
Mozioak, EH Bilduren (4 bozka) babesa jaso zuen bakarrik. PSE-EE (1) abstenitu egin zen eta EAJk kontra (9) bozkatu zuen.