Ikurrina munduko gailurrera iritsi zen
Pasang Temba sherpa Beasaingo Mendi Festibalaren azken emanaldian izan da ‘Everest 80’ filmarekin.
Namaste! Eskerrik asko! Namaste!». Irrifarra ahoan eta esker hitzak. Pasang Temba da (Ghat, Solo Khumbu, Nepal, 1950), sherpa, eta euskal mendizaletasunaren historiaren mugarri garrantzitsuenetako baten parte dena. Martin Zabaleta mendizale hernaniarrak 1980ko maiatzaren 14an Everest gailurrean ateratako argazkian bera ageri da ikurrinarekin. Hain zuzen ere, ikurrina izan zen bertan jarri zen 14. bandera. Euskal mendizaletasun guztia Everesteko (8.848 metro) gailurrera iritsi zen eguna izan zen hura. Egunotan Euskal Herrian dabil argazki horretako protagonista, Alex Txikonen eskutik, eta herriz herri dabil, familia egoera zaila dela eta, laguntza biltzen. Asteazkenean, Beasainen izan zen, Beasaingo Mendi Festibalaren bosgarren eta azken emanaldian, Arrastaka eta Aizkorri mendi elkarteko kideek gonbidatuta, eta Goierriko Hitzarentzat ere izan zuen tartetxo bat. «Oso pozik nago, harrera zoragarria izan da Euskal Herrian. Etxean bezala sentitzen naiz. Erdi nepaldar, erdi euskaldun sentitzen naiz», adierazi du Beasainera egin duen bisitan.
44 urteren ondoren, balentria gogoratzeko aukera izan du Pasang Tembak. Izan ere, Beasaingo Mendi Festibalean, Everest 80 ikus-entzunezkoaren emanaldia egin zuten asteazkenean, eta bertan izan zen solasaldian parte hartu zuen.
«Oso pozik nago, harrera zoragarria izan da Euskal Herrian. Etxean bezala sentitzen naiz. Erdi nepaldar, erdi euskaldun sentitzen naiz»
Pasang Temba. Everest 1980 espedizioko sherpa
80ko hamarkadaren hasieran erronka handia zen artean Everest eskalatzea, eginahal handia, gainditze saiakera ikaragarria eta ia gizatiarra ez zen irmotasuna eskatzen zituen ertzeko abentura zen. Euskal Herriko 12 gazte abiatu ziren 1980ko Everest Euskal Espedizioan, borondate handiko sherpa taldearekin batera, euren buruari jarri zioten erronka eta zerua ukitu zuten.
Hitz hauekin kontatzen zuen Pasang Tembak gailurrera iritsi zirenekoa: «Poz handia izan zen gailurra egitea. Oso bide luzea izan zen eta oso berandu iritsi ginen, 15:00ak pasata. Iritsi eta ordubete inguru pasa genuen bertan. Gailurrean geundela abisatzeko deitu genien espedizioko lagunei», gogoratu du une historikoa. Une horri lotuta dagoen irudia Pasang Tembaren aurpegi beltzaran eta eguzkiak eta haizeak gorritua da, Martin Zabaletari munduko gailurreraino lagundu zion egunekoa hain zuzen ere. Bera da gailurreko argazkian eskuineko eskuan pioleta eta gainean Nepalgo bandera eta ikurrina dantzan direla ageri dena.
Gailurra egin ondoren, abentura korapilatu egin zen. Martin Zabaletarekin bibakean pasa behar izan zuen gaua Tembak. «Jaitsieran arazoak izan genituen, eta kezka handia izan zen. 7.800 metrotan, pitzadura batean egin genuen gaua, hotz handia pasa genuen, janaririk eta oxigenorik gabe. Bateria ere agortu zitzaigun, eta gau osoa pasa nuen walkie talkiaren bateriarekin besapean, pentsatuz beroa emanez, hurrengo egunean berriro piztuko zela». Ordu zailak izan zirela gogoratu du Tembak. «Gainontzekoek uste zuten hilik geundela, baina zorionez, onik atera ginen erreskatean etorri zitzaizkigun sherpei esker», kontatu ahal izan du 44 urte pasa direnean.
Hirugarren aldia
Esperientzia hark lagun handiak eman zizkion Euskal Herrian, eta bisitan etortzen den hirugarren aldia da hau. 1981eko uztailean etorri zen lehenengoz, balentria egin eta urtebetera. «Espedizioko taldekideekin elkartzeko aukera izan nuen, pozgarria izan zen denak ikustea», oroitu du. 1981eko uztailean, espedizio hartako kide batzuk, tartean Pasang Temba eta Pemba Tshering sherpak, Legazpin izan ziren, balentria haren inguruko filma eta solasaldia antolatu zutelako. Garai hartan Perez Azazetak zuen Kalotx tabernak txapel batzuk oparitu zizkieten taldekide haiei, eta une hartako argazkia atera zuten. Argazki horretan Pemba Tshering eta Pasang Temba sherpak agertzen dira txapelak jantzita, alboetan Periko Gabiria eta Antxon Burcio mendizale legazpiarrak dituztela. «Gogoan dut oraindik egun hori», poztu da oroitzapena ekarrita.
2005 urtean ere etorri zen Everestera igo eta 25 urte bete zirenean.
Agur hamazazpigarrenari
Everesten bizitako abenturaz Pasang Tembak utzitako lekukotzarekin amaitu da 17. Beasaingo Mendi Festibala. Edizio honetan mendi festibal bat baino zerbait gehiago izatea lortu nahi izan du antolakuntzak, hain zuzen ere, mendiaren inguruan bizitako bizitzei buruzko festibala izatea zen nahia. Denetariko gaiak eskaini dituzte: espedizioak, eskaladak, mendiko trailak, eskia, ertzeko egoeren esperientziak, irudi ikusgarriak, eta askoz ere gehiago. Baina bereziki, mendia ikusteko eta ulertzeko modu ezberdinak bildu dituen festibala izan da aurtengoa.