Zaldibiako zaintzaren diagnosia herritarrekin osatuko dute, bi saiotan
Etorkizunean pertsonen zainketarako sistema definitzeko, azaroaren 11n eta 18an saio parte-hartzaileak.
Zaldibiako zaintzaren diagnostikoa osatzeko prozesuan, hurrengo urratsa datozen bi asteetan egingo dute. Bi bilera antolatu ditu udalak, eta herritarrak eta eragileak horietara deitu ditu. Azaroaren 11n, Zeintzuk dira zaldibiarron zaintza beharrak? gaia jorratuko dute; eta azaroaren 18an, Zaldibiako zaintza sistema hobetzen. Bilerak udaletxe barreneko aretoan dira, 17:00etan.
Urtebeteko lanez egina dagoen diagnostiko bat partekatuko dute bilera horietan. Emagin elkarteko Miren Aranguren eta Ainara Santamaria teknikariek gidatu dute lanketa. Hiru helburu zehaztu dituzte herriko etorkizuneko zaintza sistemarentzat: Zaldibiako herritarren zaintza beharrak eta horiek asetzeko dagoen egoera ezagutzea, diagnostiko parte-hartzailearen bidez; Zaldibiako zaintza baliabideen azterketa egitea eta horiekiko asebetetze maila jakitea; eta artikulazio publiko komunitarioak sortzea. Lanketa hiru fasetan banatu zuten. Prozesuaren diseinuaren urratsa osatuta, landa-lanaren azken zatiari ekingo diote orain. Udal ordezkariekin eta taldeekin elkarrizketak izan ondoren, bi saio parte-hartzaileokin bururatuko dute hori. Diagnostikoaren azken zatia geratuko da gero, txostena idazteko eta aurkezteko.
Astelehenean, aurrenekoa
Zaldibiako zaintza lanen egoera eta herritarren beharren gaineko diagnostikoa osatzeko, datorren asteleheneko lehen saio parte-hartzailean beharrak jorratuko dituzte. «Adineko pertsonen egoeraz, zaintza beharrez eta zaintzak gizartearen erdigunean egoteko dituen erronkez ariko gara», aurreratu du Emagin taldeak. Herritar banakakoek nahiz elkarteek parte har dezakete.
Azaroaren 18ko saioan, berriz, identifikatutako premiak eta beharrak hartu, eta egitasmo publikoa eta komunitarioak diseinatuko dituzte.