Lazkaoko Kirol Sarietan herriko kirolariak eta ekimenak balioetsi dituzte
Banakako lorpenak izan dituzten 12 kirolari, ibilbidea goraipatzeko Aritz Urra, taldekakoan Lazkao Kirol Elkarteko senior mutilen taldea eta Amalur mendi elkartea, eta bizitza osoko eragiletza aitortzeko Ttanton Aldanondo eta Kuxito Barandiaran omendu dituzte.
Lazkaoko Kirol Sarien lehendabiziko emanaldia atzo iluntzean egin zuten, Areria antzokian. 2023-2024 denboraldian kirol lorpenengatik nabarmendu ziren herritar kirolari federatuak, taldeak, eta ibilbidea aitortzeko omenduak elkartu ziren galan. Guztira, 17 sari edo izendapen banatu ditu udalak, Kepa Zubiarrain alkatearen eta Josetxo Sese zinegotziaren eskutik.
Gipuzkoa mailako txapelketaren bat irabazi izana, Euskal Herri mailakoetan lehen hiru postuen artean geratu izana, Espainiako txapelketaren batean aurreneko zortzi postuetan sailkatu izana, edo estatutik kanpoko lehiaketetan parte hartu izana jarri ditu Kirol Sailak saritzeko irizpidetzat. Hala, 12 kirolari hauek jaso dute lorpenengatik banakako saria:
- Maren Gorrotxategi Casado igerilaria. Gipuzkoako txapeldun izan da, juniorretan 400 metro estiloetan.
- Iker Muruamendiaraz Noain igerilaria. Gipuzkoako txapelduna 50 metro tximeletan.
- Iker Altuna Plazola igerilaria. Gipuzkoako txapelduna 200 metro bularrean, juniorretan.
- Eider Intsausti Gago igerilaria. Euskadiko 3.a 4×50 metro estilo librean.
- June Zubiri Agirre igerilaria. Euskadiko txapelduna 50 metro tximeletan.
- Nerea Gorjon Garcia igerilaria. Euskadiko bigarrena 100 metro bizkar estiloan, absolutuan.
- Lander Sarriegi Estensoro igerilaria. Euskadiko bigarrena 200 metro tximeletan.
- Haizea Aldasoro Ibarguren gimnastikalaria. Espainiako Gimanstika Artistikoko Txapelketan taldekako txapelduna, infantiletan.
- Iraia Mendia Arrieta atleta. Euskadiko kros txapelduna, senior mailan.
- Ane Barandiaran Soraluze atleta. Euskadiko Kros Txapelketan hirugarrena 18 urtez azpikoetan, Gipuzkoako txapelduna 3.000 metroetan 16 urtez azpikoetan, eta Gipuzkoako errekorraren ezarlea.
- Alazne Estensoro Mazizior futbolaria. Europako Txapelketan txapeldunordea 17 urtez azpikoetan, Espainiako selekzioarekin. Realaren 1. taldearen jokatzen du.
- Auritz Mendia Arrieta txirrindularia. Euskadiko txapelduna kadete mailan.
Kirolari bakoitzari banan-banan agertoki gainera deitu zion Oihana Sarasola aurkezleak, eta oroigarri-plaka bana oparitu diete. Jarraian, txirrindularitza iaz utzi zuen Aritz Urra Garmendiari “bizitza osoko kirol ibilbidea” saritu zioten. Amateurretan puntako esprinter modura nabarmendu bazen ere eta karrera batzuk irabazi zituen arren, profesionaletara jauzi egiteko aukerarik izan ez zuenez, bizikleta utzi zuen. Ez zuen ekitaldira joaterik izan Urrak.
Taldekako sariei dagokienez, bi banatu zituzten. Batetik, Lazkao Kirol Elkartearen senior mutilen taldeari 2023-2024ko lana aitortu diote. Erregional mailako liga irabazi zuten, baita Gipuzkoako Txapelketa ere. Mailaz igo ziren, eta denboraldi osoa partidarik galdu gabe igaro zuten. Hainbat taldekide igo ziren oholtzara, entrenatzailearekin. Klubarentzat oroigarri-plaka, eta futbolari bakoitzarentzat diploma eman zizkieten.
Hurrena, Amalur Mendi Elkarteari Lazkaoko kirolaren alde “eragile aktibo” izatearen saria eman zioten. Aurten 50 urte bete ditu elkarteak. Esparruko erromeria eta igoera, Lazkaomendiko ibilaldi neurtua, eta Mendi Astea antolatu ohi ditu, urtero. Aitor Sarriegi presidenteak aurtengoa “urte berezia” izan dela esan zuen, hitza hartuta. “50 urte dira. Saria eskaini nahi diegu denbora horretan lanean eta mendizaletasuna sustatzen ibili diren guztiei. Natura babesten eta mendizaletasunarekin uztartuz jarraituko dugu”. Berarekin batera, Amalurren lehendakari karguan egon direnak igo ziren.
Omenaldiak Ttanttoni eta Kuxitori
Azkenik, omenaldien tartea izan zen. Bi lazkaotar omendu zituzten. Joxe Antonio Aldanondo Eskisabel Tttantton lehenik. San Benito Ikastolan gimnasiako irakasle izana 2010ean erretiroa hartu arte, herriko kirolaren erreferenteetako bat izan da. Hitza hartuta, bere ibilbidea eta langintzak errepasatu zituen. Lazkao Kirol Elkartean 1985etik 1990era, bost urtean aritu zen. “Elkartea 1980ean sortu zen, eta futbol zelaia plaza ondoko aparkalekuan zegoen orduan. 1983an aldatu zuten Hariztira. Ni Hariztiko garaikoa naiz. Baina orduan areazkoa zen, eta partida bakoitzaren aurretik, zorua berdindu behar izaten genuen, xafla handi bat bi lagunen artean hartuta. Gero belarrezkoa jarri zuten, eta orain artifiziala duzue. Gaur egun erraztasun gehiago daude, baina taldeak ere askoz gehiago. Lanik ez zaizue faltako, beraz”, esan zien oraingo futboleko arduradunei.2018an, Gipuzkoako Futbol Federazioak, bere mendeurrenean, klub bakoitzeko lehendakariei egindako aitortzan izan zen Aldanondo.
Ikastolan, 1984tik 2010ra irakasle izan zenean, Eskola Kirolaren aitzindari izan zen Lazkaon. Aurretik, Ordiziako Jakintzan beste 9 urte igaro zituen, “han ere kirolean sartuta”. “Oso lan lotua da Eskola Kirolarena. Astebururo, ordu denak beteta, lan eskerga da. Baina satisfazio handikoa eta polita ere bai. Emaitza handiena ikastolan lortu duen partaidetza izan da, niretzako: ikasleen %90ek parte hartzen zuten Eskola Kirolean. Toki gutxitan lortzen zela hori esan ziguten foru aldundikoek”. Ildo horretan, Gipuzkoako Diputazioak 2006an San Benito saritu zuen, Gipuzkoan nabarmendu zelako.
Atletismoan ere saiatu zen Ttantton. Bi lorpen oroitu zituen, lan haren fruitu gisa: “1993an, Euskadiko atletismo txapelketa irabazi zuen San Benitok, eta Espainiakora joan ginen, Benidormen astebete igarotzera. 1996an ere Espainiako Txapelketa jokatu genuen, Mallorcan, eta 17 komunitateen artetik 5.ak gelditu ginen; arrakasta polita izan zen”.
Amalurren ere ibili zen, 2010etik 2016ra. 2015ean, Gaineta mendian jarri zuten buzoiaren pasartea kontatu du: “Gainetako buzoi zaharra Benantxio Etxeberriak jarria zen, 1946an. Herdoilduta eta egoera txarrean zegoen. Hartu, eta Joxe Manuel Irizarren bitartez berritu genuen. Jende andana joan zen berriz jartzeko egunean. Joxpiren asto gainean joan zen buzoia Gainetara. Aurreskua ere dantzatu genion”.
Ibilbide luzean izan dituen lankide, kolaboratzaile, laguntzaile, teknikari eta gurasoak gogoratu ditu, eskerrak ematerakoan. Bat aipatu du bereziki izenez, Eñaut Aldanondo zena, San Benito ikastolan eta Eskola Kirolaren kudeaketan Ttanttonen oinordeko zena, baina duela hamabost urte mendian istripuz hil zen lazkaotarra. Saria jasotzerako unean, emaztea eta alaba igoarazi ditu Ttanttonek agertokira.
Kirola, kasu honetan txirrindularitza, bultzatzen eta antolatzen egin duen ibilbideagatik, Gurutz Barandiaran Irastortza Kuxito izan da beste omendua. Ez zuen ekitaldira joaterik izan, eta asteazkenean etxera eraman zioten udal ordezkariek oroigarria. Bideo batean eskertu du Barandiaranek keinua. “Eskerrak niretzat bakarrik ez dira, nirekin batera ibili den kuadrilla guztiari eman beharra dago”. Gaur egungo txirrindulari antolatzaileei, berriz, jarraitzeko animoa eta indarra bidali die: “Ahal duzuen bitartean segi ezazue, hau ez dago galtzerik. Merezi du lan egitea”. Pozik eta hunkituta jaso zuen Kuxitok aitortza.
Bere izenean, Adei semea eta Enare biloba igo ziren oholtzara. Adei Barandiaranek eskertu zituen bertan zeudenak, aitaren izenean. “Azpimarratu nahi genituzke asoziazionismoa, auzolana eta elkarlana. Harrobiko behe mailako txirrindularitzarentzat ez dira garai onenak, baina etorkizunari positibismoz begiratu eta aurre egingo zaio”.
Kirol Sariak aurten sortu ditu udalak, eta hurrengo urteetan ere jarraipena izango dutela argitu dute.