Zegama, Aizkorri-Aratzen erakustazoka
San Martin feria ospatu dute gaur. Herriko abereen erakusketa eta sariketa, eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko 25. gazta lehiaketa jokatu dira. Aizpea gaztandegiak irabazi du lehen saria, Eneko Goiburuk bigarrena eta Ander Barandiaranek hirugarrena.
Zegamako San Martin feria abeltzaintzaren eta artzaintzaren plaza da, gaur. Aizkorri-Aratz parke naturalean larratzen, elikatzen eta hazten dituzten azienden erakusketa antolatu dute, beste behin. Zaldi, behor, behi, ahuntz eta ardi bikainenak eraman dituzte Zegamako kalera.
Transmisio-lana ere burutu du, belaunaldien arteko katebegi ugari ganadu hazkuntzaren, ardien eta baserriaren inguruan uztartuta. Herriko ganadu sariketa izan da horren adibide: gurasoak seme-alaba gazteekin, aitona-amonak bilobekin; eta gazteak, gazte asko. Ofizioaren erreleboa ziurtatu nahian, makilak esku gazteagoetara aldatzeko animoa eman du San Martin feriak, urtean behingo erakustazoka indargune bilakatuta.
Aizkorri-Aratz parke naturaleko 25. Gazta Lehiaketa izan da eguneko osagai bat. Idiazabal Jatorri Izendapenaren arabera, 24 ekoizle ari dira lanean gaur egun, eremu horretan.Horietatik 11 dira goierritarrak: hiru Zegamako (Etxeberria, Azurmendi eta Santi Etxezarreta), hiru Zeraingo (Garoa, J. Etxezarreta Anaiak eta Muñoa), bi Segurako (Eneko Goiburu eta Aizpea), bi Idiazabalgo (J.Aranburu Elkartea eta Barandiaran), eta bat Legazpikoa (Agurtzane Gabiria).
Lehiaketara 14 gazta aurkeztu dituzte, iragarritako 16etatik bik huts egin ondoren (9 gipuzkoar eta 7 arabar zeuden zitatuta). Hamalau gazta parte-hartzaileen artetik, naturala indarra hartzen eta ketuari lekua kentzen ari zaiola ikusi da: zortzi zuriak edo ketu gabeak ziren, eta sei ketuak.
Epaimahaian, Itziar Atienza eta Jon Olivares aktoreak izan dira gonbidatu izarrak. Sant Sadurni d’Anoia herri senidetuko udal ordezkaritza ere bertan izan da, baita sari ematen Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat diputatu eta zuzendari ere.
Aizpearentzat txapela
Gazta maila “bikaina” izan dela ziurtatu dute epaimahaikoek, eta lana “zail” jarri dietela hamalau gaztek. Hiru sari banatu dituzte, eta Aizpea gaztandegiak (Segura) irabazi du Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko 25. Gazta Lehiaketa. Eli Arrillaga eta Mikel Etxezarreta senar-emazteak igo dira sariak jasotzera.
Bigarren postuan Segurako beste gaztandegi bat, Eneko Goibururen Ondarre. Hirugarren saria ere Goierri partean geratu da, Idiazabalgo Ander Barandiaranek (Gaztainaditxulo) irabazi baitu –bera ez zen sari emate ekitaldian, eta Victoria Urresti teknikariak jaso dizkio opariak–.
Gazta probatzeko, jateko eta erosteko aukera ere izan da Zegamako Toki Alai frontoian. Salmenta postuen artean, lau gazta mahai zeuden pilotaleku barruan: Ioritz Etxeberria zegamarraren Oltza, Eginoko Olano, Idiazabalgo J. Aranburu Elkartea, eta Segurako Aizpea. Agerria etxeko ahatekiak eta foieak ere eros zitezkeen, baita Segurako Elortza-Zeberio sendiaren ezti, propoleo eta argizari natural produktuak ere. Arreta eman duen beste postu bat, indaba beltzarena zen. Opaintegi baserrikoek otarrekada babarrunak zeuzkaten, aurten horren urri izan den uztaren salbuespena.
Ohi bezala, eskolako jolastokian artisauen salpostuak jarri dituzte, eta kalean ganadu aziendena. Gazte Herexak taldeak ere saskikada produktu zotz egin du, errifa erositakoen artean.
Zegamako abere onenen sariak
Herriko ganadu lehiaketan 11 azienda saritu dituzte, bakoitzeko onena izendatuta eta sarituta. Honako herritarrek eta etxeek jaso dute:
- Ardiak. Patxi Katarain (Txaratxipi baserria).
- Bildotsak. Irantzu Zubeldia (Txaratxipi).
- Ahuntzak. Eneko Otegi (Iturburu).
- Antxumeak. June Lasa (Koba).
- Pirinear behiak. Patxi Ruiz de Egino (Iruetxeta).
- Behi mestizoak. Irantzu Urbizu (Anatxe).
- Behi suitzarrak. Haitz Zubeldia (Mazkiaran).
- Zezenak. Imanol Ruiz de Egino (Iruetxeta).
- Zaldiak. Joxe Mari Esnaola (Ezpaleo).
- Etxe behorrak. Jabier Arrondo (Amiñabarrena).
- Mendi behorrak. Ibai Aizpeolea (Ariztiberri).