Arranoren historia pantaila handira
Arrano Kultur Elkartearen 40 urteak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa ondu du Maider Insausti beasaindarrak. Ostiralean izango da emanaldia, Usurbe antzokian. Trailerra albistean.
Arrano Kultur Elkartearen 40.urteurrena dela eta, urte hauetan guztietan egindakoa eta bizitakoa islatzen duen ikus-entzunezkoa ondu dute Maider Insaustik (Beasain, 2002), Julene Rosadok (Aretxabaleta, 2001), eta June Guiradok (Arrasate, 2002). Hilabeteetako lanaren ondoren, etzi ostirala, Usurbe antzokian proiektuko dute. Emanaldiarekin batera, sorpresatxoren bat izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta emanaldiaren ondoren, mokadutxoa egingo dute Arrano elkartean.
Ikus-entzunezko ikasleak hirurak, gradu amaierako proiektu gisa ondu dute dokumentala. «Arrano Kultur Elkartearen 40. urteurrenaren aitzakian, elkartetik jaso nuen proposamena, eta pentsatu nuen, klase kideekin batera lan txukuna egin genezakeela», adierazi du ikus-entzunezkoaren egileetako bat den beasaindarrak.
Hala, proiektuari forma ematen hasi ziren. «Hamarkada luzeetan egindako ibilbidearen kontakizuna egitea zen helburua» nabarmendu du Insaustik. Horretarako, elkartearen hauspoa izan diren herritarren testigantzak jaso dituzte. «Aro desberdinetako 30 kide elkarrizketatu ditugu», aletu du beasaindarrak. «Elkartearen sorrera, testuinguru soziala, lehen ekintzak, egonkortzea, elkartearen itxiera, eraberritzea, eta 40. urteurreneko ospakizunak biltzen ditu», aurreratu du estreinaldiaren atarian.
Horrelako lana egiten lehen esperientzia da eta aitortu du, «lan handia» izan dela. «Elkarrizketa asko izan dira, eta hilabeteak behar izan ditugu koordinazio lanak egiten eta irudiak grabatzen» aitortu du. Kontakizuna, ekintza desberdinetako irudiekin lagundu eta jantzi dute. “Lehengo eta oraingo irudiak uztartu ditugu”.
Urte hauetan guztietan Arrano Kultur Elkarteak antolatu dituen ekintzen artean, Mariren jaitsierak protagonismo berezia du. Beasaingo Loinatz jaien ikurra bihurtu den ekitaldiaren sorrera nolakoa izan zen kontatzen dute.
Hamarkadetako ibilbidea 44 minutuan jaso dituzte. Emaitzarekin «gustura» dagoela adierazi du Insaustik eta herritar guztiak gonbidatu nahi izan ditu emanaldian parte hartzera.