Eraikuntza prozesuetan teknologia digital berriak txertatzeko zentroa irekiko dute Idiazabalen
Idiazabalgo Iparragirre Eraikuntzak enpresak aro berri bati ekingo dio laster. Lanak urtea amaitzerako hasita egotea aurreikusi dute.
Idiazabalen finkatuta dagoen eta eraikuntzaren sektorean ia 75 urteko ibilbidea duen Iparragirre enpresak aro berri bati ekingo dio eraikuntzaren industrializazio zentro berri batekin. Zentroa Idiazabalen irekiko dute, gaur egungo lantokiaren alboko lokal batean. Ibon Iparragirre, Iparragirre Eraikuntzak enpresako finantza zuzendariak azaldu duenez, «eraikuntza prozesuak modernizatzea» du helburu proiektu berriak.
Iparragirren hasita daude jada hainbat eraikuntza prozesu industrializatzen, «gaur egun modu puntualean ari gara aplikatzen teknologia hori», zehaztu du, baina Idiazabalgo zentro berria errealitate bihurtzen denean, beren proiektu guztietan txertatzea da xedea. Izan ere, eraikuntza prozesuak industrializatzeak hainbat abantaila ditu modu tradizionalekin alderatuz gero: «Eraginkortasuna handitzen da, besteak beste exekuzio denborak murriztu egiten direlako. Gainera, obrako trabak nabarmen saihesten dira, lan fisikoa gutxitu egiten da, eraikuntzen kalitatea hobetzen da eta fase guztietan ikuspegi iraunkorragoa ezartzen da».
Finean, eraikuntza prozesuetan teknologia digitalen integrazioak «akatsak murriztea eta hondakinak minimizatzea ahalbideratuko du, prozesu eraginkorrago eta ingurunearekiko errespetuzkoago bat» ekarriz.
Urtea amaitu aurretik
Proiektu honek Build:Inn Euskal Herriko eraikuntzaren klusterraren laguntza teknikoa du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diruz lagunduko du, tokiko enpresa sarea bultzatzeko programaren baitan. Izan ere, Idiazabalgo industrializazio zentroak Goierriko industria enpresarekin harremanak sendotzea ekarriko du, «eskualdeko enpresekin elkarlanean» eraikiko delako. Idiazabalgo zentroaren eraikuntzak Iparragirreren langileak teknologi berri honetan formatzeko ere balioko du.
Behin amaituta, errealitate areagotuko gune bat izango du, «non betaurreko birtualen bidez, planoan ikusteko zailak diren interferentziak ikusteko aukera izango den». Gainera, ordenagailu aurreratuekin lan egiteko lanpostuak ere izango ditu eta formakuntza gela bat ere bai.
Lanak oraindik hasteko daude, Idiazabalgo Udalak obra lizentzia eman bitartean. Iparragirrek «laster» izango dela uste du eta urtea amaitu aurretik lanekin hasita egotea aurreikusi du.