Etxebizitza sozialak abian
Azken urteotan ugaritu egin dira etxebizitza sozialen sustapenak Goierrin. Udalerri batzuetan, duela gutxi jarri dituzte abian proiektuak, baina badira dagoeneko martxan dauden batzuk ere. Zeraingo kasua da azkeneko honen adibideetako bat.
Eskualdean badira etxebizitza sozialak martxan jarri dituzten hainbat udalerri. Pasa den ekainaren 18an Ordiziako Udalak, Ordizia Lantzen udal sozietateak eta Visesa sozietate publikoak hitzarmena sinatu zuten San Juan auzoan babes ofizialeko alokairuko 60 etxebizitza sustatzeko. Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen esanetan, proiektu horren helburua «udalerriko pertsonen etxebizitza-premiei erantzutea» da, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzak etxebizitza «duin eta irisgarria» izateko eskubidea azkartzeko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da. Etxebizitza horietako baten esleipendun izateko, Etxebide-Euskal Etxebizitza Zerbitzuak ezarritako baldintzak betetzeaz gain, udalerrian gutxienez urtebetez jarraian edo 3 urtez txandaka erroldatuta egon dela egiaztatu beharko da azken 5 urteetan.
Legazpiren kasuan, udalak, Ezkurrenean etxebizitza sozialak egiteko proiektua du esku artean. Apirilean inkesta bat luzatu zien herritarren eraikinaren edukia eta funtzioa zehazteko, eta erabilera horren aldeko agertu ziren legazpiarrak. Galdetegiari erantzundako 96 pertsonen artean, gehiengoari Ezkurrenea eraikinean alokairu publikoko etxebizitzak garatzea ideia aproposa iruditu zitzaion, hain zuzen ere, %73k baiezkoa eman zuten eta %64,5ek beraien arazoari irtenbidea emateko aukera egokia izango litzatekeela esan zuten. Zumarragako Eitzaga auzoan ere 108 etxebizitza sozial egiten ari dira. 2022an hasi ziren obrak egiten eta 2025rako amaitzea da asmoa. Etxebizitzak funts autonomiko eta europarrekin finantzatu dituzte.
Zeraingo proiektua
Beste herrietan ez bezala, Zerainen duela lau urte ireki zituzten etxebizitza sozialak. Antxaputzuko biribilgunearen ondoan daude kokatuta. 2020ko uztailean sinatu zituzten bertan biziko ziren lehenengo zortzi gazteek kontratuak, eta abuztuan egin zuten herritarrekin batera inaugurazioa. Hala ere, Zeraingo Udalak 2016tik zeukan proiektu hau eskuartean.
Urte hartan Atxondora joan ziren bertako etxebizitza sozialen proiektua ezagutzera eta 2017a finantzaketa bilatzeko erabili zuten. Eusko Jaurlaritzatik 380.000 euroko diru laguntza jaso zuen udalak, eta proiektuak 550.000 euroko aurrekontua izan zuen guztira. Gazteen emantzipazioa bultzatzeko eta bakarrik zeuden adinekoek herrian bizitzeko aukera izateko helburuarekin eraiki zituzten. Zortzi etxebizitza dira denera, herrigunetik gertu kokatuak, eta alokairu publikoan eta sozialean oinarrituta daude. Prezioei dagokienez, tasatuta daude eta diru sarreren eta etxebizitzaren neurriaren araberakoak dira.
Etxebizitza hauen bereizgarri nagusienetako bat da bioeraikuntzan oinarritutako eraikinak direla, hau da, kontsumo txikikoak eta material ekologikoez egindakoak dira. Proiektuaren hasierako fasean, udalak inkesta bat pasa zien herritarrei haien eskaerak entzuteko, eta bertan, gazteek alokairua nahiago zutela jakinarazi zuten. Prezioari dagokionez, gehienez ere 300 euro ordaintzeko prest zeudela agertu zuten. Etxebizitzak urtean 27.125 euro baino gutxiago irabazten duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat dira.
Herritarrek lehentasuna duten arren, edonork izen eman dezake, inongo jabetzarik ez duen bitartean. Gaur egun, etxebizitza guztiak beteta daude eta udalak balorazio «oso ona» egiten du.