Maite Errarte beasaindarra izango da Aranzadiko etnografia saileko zuzendari berria
Etnografia saileko arduradun nagusia izan da Fermin Leizaola 45 urtean. Errartek hartuko du Leizaolaren lekukoa.
Maite Errarte (Beasain, 1995) historialariak hartuko du Fermin Leizaolak Aranzadi zientzia elkarteko etnografia saileko zuzendaritzan utzitako erreleboa. 2019 urtean sartu zen etnografia sailean Errarte, eta Suberri Matelorekin batera, ondare kultural materiala katalogatzeko proiektuak, museografiakoak eta dibulgaziokoak zuzendu ditu.
Errelebo aldaketa irudikatzeko, Gipuzkoako Aldundiaren Gordailua bisitatu zuten biek, ostiralean. Bertan gordetzen dira, Leizaolaren bildumako 4.000 piezak. 60 urtez, Euskal Herriko bizimodu tradizionala argi eta garbi erakusten zuten piezak dira: arotzeriako tresnak (garlopak, antzinako zerrak…), bizitza tradizionaleko eguneroko objektuak, hala nola nekazaritzako lanabesak, etxeko gauzak, zeramika herrikoia eta abar. Pieza horietako batzuk, gainera, gaur egun Euskal Herrian desagertuta dauden ofizio edo bizimoduei lotuta daude.
Biografia
2017an EHUn Historian Graduatua da Maite Errarte. Ondare materialaren kudeaketa eta museografia izan dira bere zeregin nagusiak azken urteetan. 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen Etnografia Prestakuntza Bekaren onuraduna izan zen, Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan Ondare Etnografikoan trebatuz. Beka honi esker, Xixongo Pueblu d ‘Asturies museo etnografikoan egonaldia egin zuen. Ondare bildumen katalogazio eta gordetzeak, museografia planak edota kultur hedapen proiektuak taldean kudeatzen aritu da orain arte.