Artistari eta pertsonari omenaldia
Joxemari Telleria artista eta bizilagunari omenaldia egingo diote zeraindarrek. Bere lanen erakusketa irekiko dute ostiralean, eta omenaldia abenduaren 1ean izango da.
Joxemari Telleriari (Segura, 1943) omenaldia egingo dio Zeraingo herriak. Bere ibilbide artistiko oparoa gogoratu eta balion jartzeko atzera begirako erakusketa bat irekiko dute ostiral honetan herriko kultur etxean eta Mandio eta Ostatu tabernetan. Baina, Joxemari artistari ez ezik, Joxemari herritarrari, bizilagunari eta euskaltzaleari ere adieraziko diote euren esker ona zeraindarrek. Abenduaren 1ean, ZerainLabek urtero euskararen egunaren harira antolatzen duen ekimenarekin bat eginez, Doinutik margora «sorpresaz betetako ekitaldia» ari dira antolatzen, herriko beste hainbat elkarte eta eragilerekin batera.
«Sorpresa handia» izan da Telleriarentzat omenaldiaren albistea, «ez dakit nik horrenbeste merezi dudan», hausnartu du umiltasunez. Baina ilusio handia ere egin diola aitortu du: «Eskertzekoa da inguruko jendea nirekin akordatzea», dio. Bera ari da erakusketa osatuko duten lanak aukeratzen, eta ez zaio erraza egiten ari, «50 bat lan izango dira. Etapa bakoitzetik bakarren batzuk aukeratu ditut, bai pintura eta baita marrazkia ere». 1967ko lan bat izango da zaharrena eta berriki amaitu eta oraindik inor gutxik ikusi duen beste bat berriena.
Ostiralean irekiko da erakusketa eta azaroaren 30era arte egongo da ikusgai. Irekiera ekitaldian Libe Ramilak Telleriaren lanari buruzko aurkezpen bat egingo du. Osaba du Telleria eta Artearen Historian lizentziatua da. «Marrazkian maisua da. Marrazteko duen gaitasuna eta teknika izugarri ona da», dio. Kolorearekin duen sentsibilitatea ere aipatu du, baita Telleriaren ibilbide artistikoan horren adierazgarria den musika eta pinturaren arteko uztartzea ere, «ez da batere ohikoa». Euskal tradizioak Telleriaren margolanetan duen pisua ere ez du aipatu gabe utzi nahi izan.
Omenaldia sekretupean
Bere aurkezpenean «osabaren obra testuinguru batean jartzea» izango du helburu, bere obra identifikatzeko gako batzuk ematea, alegia. «Gerturako diren asko zeraindarrak izango dira, gehienek bere obra berriena ezagutuko dute, eta agian ez horrenbeste zaharragoa», gaineratu du.
Artista bezala duen balioa deitoratu gabe, herrigintzan egindako lana ere azpimarratu du ZerainLabek. «Joxemarik isileko lan asko egin du eta garaia zen guzti hori eskertzeko omenaldi bat egitea», esan du Aitziber Makazagak ZerainLaben izenean. Eguneroko bizitzan nabarmena da bere jarduna: «Organo jotzen aritzen da elizan, Uharka abesbatzako zuzendaria da, Antolar jubilatu elkarteko zuzendaria eta Solkie dantza taldeko txistularia ere bai, besteren artean». Telleriak berak azpimarratu du herriko eginkizunetan parte hartzea gustatzen zaiola, «Segurakoa naiz eta Zerainen bizi naiz, eta ez zait gustatzen bertara lo egitera bakarrik joatea. Herrigintzan ahal dudan moduan laguntzea gustatzen zait».
Abenduaren 1eko ekitaldiaz ez dute gehiegi aurreratu. Telleriaren margolan handiak eliz atarian ikusgai izango dira goizean, eta bazkaria egingo dute gero Oiharten, musikaz lagunduta. Bazkarirako izena Mandion eta Ostatun eman daiteke.