«Jendea izena ematera animatzen dut, ni gustura nago»
2020an inauguratu zituzten Antxaputzuko etxebizitza sozialak Zerainen, eta egun, denak beteta daude. Herritarrek lehentasuna badute ere, ez da beharrezkoa bertakoa izatea eskaera egiteko.
Iratxe Perez Irungoa da izatez, baina pasa den uztailean, urtebete egin zuen Zerainen bizitzen. Antxapututxoko biribilgunearen ondoan eraikitako etxebizitza sozial batean bizi da eta «oso gustura» dagoela dio. Bere asmoa beste lau urterako bertan bizitzea da.
Zer dela eta erabaki zenuen etxebizitza sozial batean bizitzea?
Proiektua ezagutu nuen, baldintzak betetzen nituela ikusi eta independizatzeko aukera polita iruditu zitzaidan, bestela, gaur egun bakarrik bizitzea ezinezkoa da. Etxebizitza hauetan zure diru sarreren arabera eta bizilekuaren metro koadroen arabera ordaintzen da, eta hori itzela da. Alokairuaren kostu honi erabilerari lotutako beste gastu gutxi batzuk gehitzen zaizkio, baina hileroko prezioa guztiz bideragarria da. Oker ez banago, gehienezko alokairu kostua 300 eurotik ez da pasatzen, eta zuretzako bakarrik den etxe bat izateko oso prezio duina da.
Zure kasuan zaila izan al da baldintzak betetzea?
Gaur egun diru sarreren gehiengoa igo egin dute, urtez urte eguneratu egiten baita, baina ez dakit zehazki zenbatean dagoen orain. Egungo egoerarekin ez da zaila baldintza horiek betetzea. Etxebizitzen prezioak ikusita, norbaitek aurreztu eta bat erosteko aukera izatea geroz eta beranduago gertatzen da bizitzan; beraz, gaztea izanda, eta soldata arrunt bat edukita, baldintzak betetzea nahiko erraza da.
«Proiektua ezagutu nuen, baldintzak betetzen nituela ikusi eta independizatzeko aukera polita iruditu zitzaidan»
Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Oso ona, etxe hauek lehenengo aldiz nire etxe propioa izateko aukera eman didate, orain arte independente bizi izan naizen arren, beti partekatu behar izan dut etxea. Etxe hauek hutsik datoz, baina zure aurretik etxe berean egondakoarekin harremanetan jartzen zaituzte eta askotan, altzariak eta bestelako gauzak bertan uzten dira. Gainera, erosten duzun guztia dagoeneko zurea denez, pixkanaka inbertsio txiki bat egitea ahalbidetzen dizu. Gerora beste etxe batetara bazoaz zure altzariak eraman ditzakezu eta ez zara zerotik hasten.
Etxe guztiak beteta al daude?
Bai, udalean zerrenda bat dago eta bat joaten den momentuan hurrengoari deitzen zaio. Pertsonalki, jendea izena ematera animatzen dut. Noiz deituko dizuten ez dakizun arren, momentuan erabaki dezakezu interesa duzun ala ez, beraz, ez duzu ezer galtzen. Nire kasuan, oso gustura nago.
Etxebizitza hauek egiteko eredu ekologikoa erabili da, zertan nabari da hori?
Etxebizitza hauek Passive House kontzeptua jarraituz diseinatu ziren. Mota honetako eraikinek jasangarritasuna eta energia-eraginkortasuna dute helburu. Gure etxebizitzaren berogailu sistema, adibidez, aerotermia bidezkoa da, eta horrek, etxea erraz eta merke berotzea ahalbidetzen du.