Prezioen menpe Goierrin
Eskualdeko industria sare oparoak eragin zuzena dauka etxebizitzen prezioan, eta azken urteetako joera goranzkoa izan da. Hala ere, egoera aldatu egiten da herri bakoitzaren kokapen eta irisgarritasunaren arabera, besteak beste.
Goierri eskualdea «mikroklima» bezala definitzen dute Goierriko higiezinen hainbat agentziak. Hain zuzen ere, eskualdeko industria sare oparoak eragin zuzena dauka etxebizitzen prezioan, eta azken urteetako joera «goranzkoa» izan da. Horien esanetan, eskualdeko herririk garestiena Beasain da, inguruan dauden Indar, Irizar eta CAF enpresak direla eta, besteak beste.
Enpresa horiek «indartsuak» izateak eta, oro har, herritarrek soldata «onak» irabazteak, bizitza maila igotzen du, eta horrek, etxebizitzen prezioan eragina du. Faktore horiez gain, kokapena eta «konexio ona» izatea ere badira ezaugarri erabakigarrietako batzuk prezioa ezartzeko garaian. Hain zuzen ere, horren ondo kokatuta ez dauden herrietan, eta industria ere eskasagoa denetan, prezio merkeagoak aurki daitezke, oro har. Horien artean aipa daitezke Ataun edo Idiazabal esaterako. Hala ere, herri txikien eta handien arteko aldea txikituz joan da pixkanaka. Goierri garaia eta behearen artean ere posible da alderaketa bat egitea. Gune higiezinen agentziako Miguel Angel Idiakezek dio, orokorrean, Goierri beheko herritarren ahalmen ekonomikoa «handixeagoa» dela Goierri garaian bizi direnena baino, industriak betetzen duen eginkizunagatik. Horren ondorioz, etxebizitzen prezioa ere «handiagoa» da.
Lazkaon goraka
Azken urteetan aldaketa nabarmena izan duen herrietako bat da Lazkao. Espainiako INE estatistika institutuak kaleratutako datuen arabera, 2021. urtean lehenengoz 6.000 biztanleko langa gainditu zuen herriak, eta pixkanaka goraka doan kopuru bat da. Biztanleria igotzearen arrazoi nagusia etxebizitza eskaintza handian dago. Hain zuzen ere, etxebizitza berrien sustapen ugari egiten ari baitira azken urteetan. Horietako bat da Iturrialdea auzoko proiektua. Lazkaoko Lamy higiezin agentziako Gorka Lamyk dio «familia gazte» askok aukeratu dutela bizileku eremu hori, etxebizitza «berriak» izateaz gain, prezio «eskuragarriagoak» dituztelako. Herriaren beste aldean ere hainbat etxe eraikitzen ari dira, Esparru auzoan. Hauetara doazen gehienak ere «gazteak» direla diote agenteek. Gaineratu dute, inguruko herrietako jendea etortzea dela joera nagusia, gainontzeko udalerrietan obrarako zorua falta baita. Egun, eskualde mailan etxebizitza eskaintza gehien dagoen herria da Lazkao.
Erosleen testigantzak
Iturrialdea auzoan bizi da A.G. duela urte eta erditik. Lan baldintza finkoak lortu zituenean hasi zen etxebizitzak begiratzen eta Lazkaon erostea pentsatu zuen familia eta lagunak bertan dituelako. Alokairuan bizitzea ere planteatu bazuen ere, egungo prezioekin etxebizitza batean sartzea aukera aproposagoa iruditu zitzaion, epe luzera begira. Bizilekua aukeratzeko orduan, batez ere, prezioa eta mailegu mota finkoa izatea hartu zituen kontuan, baina kokalekua, etxera sartzen zen argi kantitatea, etxebizitza berria edo bigarren eskukoa izatea eta gela kopurua ere kontuan hartu zituen. Horrez gain, sarrerarako dirua aurreztuta bazuen ere, gainontzeko mailegua eskatu behar izan zuen bankuan.
A.M.-k berriz, Esparru auzoan erosi du pisua, baina obrak amaitzeko zain dago. Lazkao aukeratu zuen bertakoa delako eta geroz eta «giro» animatuagoa dagoelako herrian. Kokalekuari eta prezioari erreparatu zion etxebizitza aukeratzeko orduan. Bere esanetan, etxe berria izateko eta dauzkan baldintzak kontuan hartuta, «oso ondo» dago. Lazkaotar honek dio, ez zegoela bere planetan pisu bat alokatzea. Alokairuak «oso garesti» daudela eta horretan gastatu beharreko diruarekin, nahiago hipoteka ordaintzen joatea eta etorkizunean, berea izango den zerbait edukitzea.
Honek ere aurreztutako diruaz gain, mailegua eskatu behar izan dio bankuari. Biek argi diote egungo egoera nahiko «gordina» dela. Haien iritziz, etxebizitzak «geroz eta garestiago» daude eta herritarren erosteko ahalmena «ez da» horri aurre egiteko bezain bestekoa. Gaineratu dute, zaila dela gurasoen etxetik joatea faktore asko daudelako tartean. Horietako batzuk, «lan egonkorra» izatea eta prezio «oso handia» ez duen etxebizitza lortzea. Erantsi dute, aisialdian ere eragin diela etxebizitza bat erosteak. Orain, familia zein lagunekin planak egiterako garaian, gehiago begiratzen diote diruari.
Alokairuan daudenen testigantzak
A.A. Lazkaoko alokairu etxe batean bizi da, duela lau hilabetetik. Gurasoen etxetik joateko beharra sentitu zuen, eta etxe bat erostea, ekonomikoki «zaila» izateaz gain, «finkoegia» iruditu zitzaion momentuan behar zuenerako. Hori dela eta, alokairuan etxebizitza hartzea erabaki zuen. Bizilekua aukeratzeko orduan baldintzei eta prezioari erreparatu zien gehienbat, bere soldataren zatirik handiena ez baitzuen alokairurako izatea nahi. Egun, bere soldataren laurdena gutxi gorabehera, baliatzen du alokairurako. «Asko» den arren, bere bizimoduari ez diola «gehiegi» eragiten dio, beste edozein etxebizitzatan erdia utzi beharko lukeelako. A.A.-k bere egoera berezitzat jotzen du, ez baita ohikoena 23 urterekin lan baldintza onak izatea eta «nahiko finkoa» den lanpostua bat topatzea. Bere inguruan «oso gutxik» lortu dute gurasoen etxetik independizatzea. Gaztearen esanetan, «egonkortasun ekonomiko falta» eta etxebizitzaren prezio «izugarri handiak» dira egoera honen arrazoi nagusiak. Azken urteotan, «ia ezinezko» bihurtu da pertsona bakarrak ordaindu dezakeen etxe bat topatzea, dio.
G.O.-ren kasuan, Olaberrian bizi da alokairuko etxebizitza batean. Orain «oso gustura» bizi den arren, bere egoerak baldintzatu duelako bizi da alokairuan. Prezioaz gain, etxebizitzaren kokalekuari erreparatu zion gehienbat hori aukeratzerako orduan. Lana, lagunak eta familiagandik «gertu» egotea zen lehentasunetako bat. Haren iritziz, gaur egungo egoera «jasanezina» da. Gaineratu du, gurasoen etxetik joatea, eta bereziki, bakarrik joatea, «ezinezkoa» dela familiakoen babes ekonomikorik gabe. Egun, alokairuan eta hilabeteko gastuetan soldata erdia baino gehiago baliatzen du, eta horrek, aisian nahiz osasun mental zein fisikoan inbertitzeko aukerak «murriztu» dizkio. Bestalde, arlo profesionalean ere formatzen jarraitu nahi duen arren, ezin duela dio.
Abenduaren 14an manifestazioa
Egungo egoeraren aurrean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek abenduaren 14rako manifestazio deia luzatu dute. Deialdiaren helburua etxebizitza eskubideak aldarrikatzea da. Bilbon izango da; 13:00etan hasiko da Plaza Biribiletik. Goierriko Etxebizitza Sindikatuan parte hartzen duten kideak ere bertan izango dira. Pasa den urtean sortu zuten Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Soziala. Bilbon egin zuten aurkezpen agerraldia, eta bertan, Etxebizitzaren Aldeko Borrokarako Proposamen Politikoa argitaratu zuten, sindikatuak oinarri izango zuena. Doako etxebizitza, pertsona guztientzako etxebizitza, kalitatezko etxebizitza eta eskubide politikoen hedapena barne hartzen ditu programak.