Wayside, musikaren bidez bide bazterrean utzitakoa bildu nahi duen taldea
Legazpiko musika taldeen zerrendan izen berri bat gehitu behar da: Wayside. Larunbatean ospatu zen Subeltza egunean egin zuen debuta Legazpin bertan, eta publikoaren aldetik jasotako erantzun onaren ondoren, proiektua sendotu eta lanean jarraitzeko gogoz daude lau taldekideak. Abesti propioak sortzen hasiak dira.
Joan den larunbat eguerdi aldera, Nafarroa kalean Subeltza egunerako jarritako taulatu gainera igo, eta lehen aldiz jo zuen Legazpin Wayside taldeak. Legazpiko musika taldeen zerrenda oparora batu den azkena da. Hasi berria da taldea, Subeltza kolektiboaren entsegu lokaletan du egoitza, eta proiektuz beterik dator.
Herriko Doinua musika eskolan hezitako laukoteak osatzen du Wayside. Markel Diaz gitarra jotzailea eta abeslaria da, Erik Retolazak baxua jotzen du, Gaizka Calvok bateria eta Gonzalo Enparantzak gitarra. Larunbateko emanaldirako Andoni Martiren kolaborazioa izan zuten, teklatuarekin.
Legazpin egindako lehen kontzertuarekin «oso pozik» geratu ziren lau musikariak, batez ere publikoaren aldetik jasotako iritzi onen ondotik. Jarraitzeko gogoz daude orain.
Lan propioak sortzear
Wayside ez da lau musikari horietako batzuen lehen proiektua, Diazek eta Enparantzak Browstons taldean ibilitakoak direlako, baita Billy Club taldean ere Enparantza, eta musika eskolako bandan ere jo izan dute. Lauak 22 eta 24 urte bitartekoak dira, gazteak, eta beste talde batzuetan ibilita, esperientzia badute musikaren munduan. Hala ere, egungo proiektua «zerotik» hasi dute, orain jotzen dituzten instrumentuak ez direlako Doinuan ikasitakoak, baizik eta bakoitzak bere kabuz ikasitakoak.
Ezer baino lehen, Wayside musikak biltzen dituen lagun talde bat dela diote, baina proiektu «serio» bat landu nahi dutela ere argi dute.
Subeltza egunekoarekin eta duela aste batzuk Antzuolako gaztetxean egindakoarekin, bi kontzertu dituzte emanda dagoeneko, baina aurrera begira ez dute ezer hitzarturik, lan propioa atera arte behintzat. Izan ere, oraingoz bertsioak joz bakarrik agertu dira publikoaren aurrean legazpiar hauek. Punk melodikoa deituriko estiloan kokatzen dute jotzen duten musika, besteak beste Cock Sparrer, Bull Brigade, Rude Pride, Hell Beer Boys eta Sustrai Berriak taldeek egiten dutena.
Horrelako musikan oinarrituta sortuko dute musika propioa orain. Abestiak konposatzen hasiak daude, eta dena ondo bidean, datorren urte amaierarako bilduma bat osatuta izatea espero dute. Bitartean, lan eta lan egingo dute, Subeltzako lokalean.
Bide bazterra, euskaraz
Wayside taldearen izenak esanahi berezia du. Wayside ingelesezko hitzak bide bazterra esan nahi du euskaraz, eta izen horrekin laguntasuna eta inguruekiko fideltasuna transmititu nahi dute musikari legazpiarrek, jendea alboan uzteari ezetz esatearekin batera.
Logoa ere badu taldeak, izena zeharkatzen duen arrosa gorri eta beltz batez osatutakoa. Horrek ere badu bere azalpena: «Arrosak transmititzen du maitasuna, eta, alde batetik, lagunekiko eta inguruan daudenekiko konpromisoaren errepresentazioa da irudi hori. Baina bestetik, arrosak, polita den bezala, arantzak ere baditu eta arriskutsua izan daiteke, eta horrekin itxurakeriei egin nahi diegu erreferentzia”.