Ingudea, lan munduan euskara sustatuz
Topaketaren lehen edizioak joan den urtean izan zuen harrera ona ikusita, Ingudeak, Goierriko enpresen Euskara Batzordeak, topaketaren II.edizioa egin du gaur goizean Goiekin. Lan munduan euskararen erabilera sustatzeko interesa duten erakunde eta pertsonei zuzendutako ekitaldia izan da.
Ingudea 2011. urtean sortutako Goierriko enpresen Euskara Batzordea da, eta CAF, Ederfil Becker, Eredu, Irizar, AMPO eta Indar Ingeteam enpresek eta Goieki garapen agentziak osatzen dute. Batzorde horrek, euskara lanabes hartuta, elkarlanean, lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pausoak ematea du helburu, lantegietan zein gizartean eraginez. Iazko topaketak izan zuen harrera ikusita, bigarren honetan gogoratu dute taldea “irekia” dela, eta beraz Goierriko enpresei taldean parte hartzeko gonbita egin die.
Gaurko topaketan, Emun Aholkularitza enpresako Onintza Legorburu Larreak Gehi izeneko ikerketaren lehen emaitzak ezagutzera eman ditu, Euskara planek enpresen lehiakortasuna zein neurritan indartzen duten aztertu ostean. Izan ere, azken hamarkadetan lehiakortasunaren kontzeptuak garapen handia izan du, ekonomiaz gain, gizartea eta ingurumenarekin lotutako aldagaiak ere kontuan hartzen hasi baitira. Horrek Euskara Planak ere enpresaren lehiakortasunean eragile gisa kokatu ditu. Hori da Gehi ikerketaren abiapuntua.
“Euskara planak enpresetan indartzea eta horien bidez lehiakortasunean ekarpena egiten jarraitzea da erronka”
Onintza Legorburu. Emun aholkularitza
Ikerketa Mondragon taldeko lau kooperatibatan oinarritu da: Danobat, Ikerlan, Fagor Electronica eta Eika. “Lau kasu hauen azterketa sakonak erakutsi digu Euskara Planek enpresaren lehiakortasunean eragin zuzena dutela, 14 ekarpen ezberdinen bidez: gobernantza, kudeaketa eta gizarte arloetan. Ikerketa honek aurrera jarraitzen duela ere aipatu dute eta erronka ere argi dago. Euskara planak enpresetan indartzea eta horien bidez lehiakortasunean ekarpena egiten jarraitzea”.
Euskara planek enpresen eraginkortasunean eragin positiboa dutela erakutsi eta ikerketa horren ondorioak aurkeztu eta gero, Goierriko Ederfil Becker, Irizar, AMPO eta Eredu enpresetan euskara sustatzerakoan arrakasta izan duten praktika banaren berri ere eman dute.
EUSLE PROIEKTUA (EDERFIL BECKER)
Pertsona talde baten hizkuntza ohituren aldaketa prozesuak errazten eta sustatzen laguntzen duen tresna jarri dute martxan Ederfil-Becker-en, Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk elkarlanean garatutako Aldahitz metodologia multzoan sartzen den tresna. Horretarako, talde natural ezberdinetan, bi hilabeteko dinamikak jarri dituzte martxan, taldekideen rol ezberdinak adostuz aurrez. “Eusleak” alde batetik, zeintzuek dinamikak irauten duen bitartean euskaraz soilik egiten dien gainerako kideei, ahoz zein idatziz. Eta beste alde batetik, gainontzeko kideak. Azken horiek nahi duten hizkuntzan hitz egin dezakete, baina ezin diete eskatu Eusleei hizkuntza aldatzeko. Dinamika hau eraginkorra dela ikusi dute Ederfil Becker-en. Izan ere, erabileran eragitea lortu dute gune ez hain euskaldun zein gune euskaldunagoetan ere. Gainera, dinamika amaitu eta bi hilabetetara gorakada hori abiapuntuko erabilera baina handiagoa izan da.
PROIEKTUGILEAK EUSKARAZ (IRIZAR)
Irizarrera unibertsitateetako ikasleak joan ohi dira urtero proiektua egitera. Prozesu hori konplexua izaten da eta hainbat eragilek parte hartzen dute. Proiektu horiek euskaraz egin daitezen gakoak aztertu dituzte Irizarren. Ikasleei galdetegi bat betearazi diete, egon litezkeen aukerak aztertu, eta ondoren hainbat interbentzio egin dituzte tutoreekin eta ikasleekin. Azkenean, 10 proiektutik 7 euskaraz egitera iritsi dira.
KONTRATAZIORAKO HIZKUNTZA IRIZPIDEAK (AMPO)
AMPOko Hizkuntza Politika Orokorra oinarritzat hartuta, kontratazioetarako hizkuntza irizpideetan ere euskarari bere lekua ematen dio Idiazabalgo AMPO kooperatibak. Ildo honetatik, lanpostu deialdi ezberdinetan zein hizkuntza eskakizun definitzen duten azaldu dute topaketan eta euskara maila hobetzeko enpresak zein baliabide jartzen dituen ere azaldu dute. Kooperatibak, gainera, hautatua izaten den pertsona horren euskara mailaren bilakaerari jarraipena egiten dio balorazio-prozesuan. Azpimarratu dute, halaber, euskarak integrazioa nabarmen errazten duela barne komunikazioan euskara nagusi den AMPO bezalako enpresa batean.
BARNE SEINALETIKA EUSKARAZ (EREDU)
Ereduko barne seinaletikan (errotulazioa, iragarki tauletako oharrak…) hizkuntza irizpide garbirik ez da izan orain arte: gaztelania, euskara, ingelesa… nahieran erabili dira. Orain barne seinaletikaren uneko egoera jaso dute eta euskara lehenesteko urratsak egiten hasi dira. Halaber, lankideen emailetako sinadurak euskaraz jartzeko kanpaina abiarazi dute. Uztailean %31koa zen euskararen presentzia sinaduretan, orain, berriz, %46koa da.