Oiangurentxiki baserriaren ondoko basoaren kudeaketa aukerez aritu dira ibilaldi batean
Landarlan Ingurumen Elkarteak 'Bestelako basogintza eredu bat' izeneko irteera antolatu du Ordiziako baso horretara. Tantai Baso Jabe Kooperatibako Markel Arriolabengoak eman ditu argibideak.
Azaroaren 7an Bestelako basogintza eredu bat lemapean antolatutako hitzaldiari jarraipena emanez, Landarlan Ingurumen Elkarteak irteera antolatu du Ordiziako Oiangurentxiki baserriaren ondoko basora. Hamar lagunek egin dute txangoa Altamira auzotik abiatuta. Bidez igo dira basora –jabetzaz Oiangurenandiri dagokio, eta udalarena da zatirik handienean–, eta han Tantai Baso Jabe Kooperatibako Markel Arriolabengoaren azalpenak entzun dituzte.
1973an industrializazioak sortutako desabantailei aurre egiteko, eta Ordiziako biztanleentzat aisialdirako gune bat sortu asmoz, Ordiziako Udalak Oiangurenandi baserria eta bere lurrak erosi zituen (33,28 Ha). Udalbatzaren aktaren arabera, erosketa horren helburua aisiarako eskola eremuak eta parkea sortzea izan ziren. Eta 1975ean Udalak Oiangu-Txiki baserria erosi zuen. 1870etik Mujika familiakoak bizi dira baserri horretan maizter.
1989an Iñaki Aizpuru itsasondoar eta Jose Mari Faus ordiziar biologoek Oianguren parkeko balio naturalen azterketa egin zuten, eta txosten horretan oinarrituta Oianguren Nekazal Parkea sortu zen. 1990. urtean, Oianguren baserrian Ingurumen Hezkuntzako Eskola bat sortzeko proiektua garatu zuen udalak. Baserria izango zen erdigunea, baina inguru guztia hartuko zuen kontutan natur ekintzak egiteko.
Oiangurentxiki baserriaren ondoko basoa aurrez erosita zuen udalak, pinudi bat zen (pinus radiata edo intsignis). Dena arrasean moztu, eta landaketak egin zituzten: urkia, bertako haritza, haritz amerikarra eta douglas izeia. Eta pagoak ere ageri dira, noizbait landatuak.
Gaur egun, baso horretan hainbat bidezidor eta pista daude. Horietako bat mendi bizikletarekin ibiltzeko erabiltzen da.
Baso horren kudeaketarako ideiak
Basoak aurkitutako espezieei buruzko azalpenak emateaz gain, Arriolabengoak baso kudeaketa berriei buruzko hainbat argibide eman ditu. Oiangutxiki baserriaren ondoko basoa baso antropikoa da, gizakiak eraldatutako basoa, eta haren esanetan, “basoen kudeaketaren demonizazioa burutik kendu” beharreko ideia bat da. “Kontserbazioa ustiaketarekin ondo uztartu daitekeen baso bat izan daiteke hau” nabarmendu du.
Arriolabengoak esan du hainbat bakanketa egingo lituzkeela, eta hirigunetik gertu dagoenez eta aisialdiariko erabiltzen den baso bat denez, estetikari ere garrantzia emango liokeela. Era berean, oinezkoek eta bizikletazaleek basoan egiten dute erabilera erregularizatu egin beharko litzatekeela uste du.
Haren ondoren, Oianguren parkera eta baserri aldera jo dute. Han 1902ko bertso bat ekarri dute gogora: “Oyanguren baserri, untzaz apaindua / Andres Urdanetaren seaska dontsua / zuk dakarzu gurengan kukun hots goshua / sentiera samur bat, zorionekoa”. Altamirara itzultzeko dagoen bidezidorretik jaitsiz amaitu dute ibilbidea.