Garoako, Baztarrikako eta La Lezeko gaztak munduko onenen artean
Gaztagile goierritarrek kudeatzen dituzten hiru gaztandegien artean zazpi domina irabazi dituzte Nazioarteko World Cheese Awards txapelketan.
Idiazabal Jatorri Izendapeneko 24 gazta saritu dituzte ostiralean eta larunbatean Portugalgo Viseun egin den Nazioarteko World Cheese Awards txapelketaren 36. edizioan. Horietako zazpi domina Goierriko gaztagileek irabazi dituzte.
Zeraingo Garoako Martina Urbiztondok eta Jon Arregik urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi dituzte, Gabiriako Baztarrikako Eli Elgarrestak eta Asier Osinaldek zilarrezko bat eta Ilarduiako (Araba) Eli Gorrotxategi beasaindarraren eta Joxe Mari Jauregi lazkaotarraren La Leze gaztandegiak urrezko hiru eta zilarrezko bat.
Lau mila gazta baino gehiago
Mundu osoko gaztagileak, minoristak, erosleak eta kritiko gastronomikoak elkartu ditu aurten World Cheese Awards txapelketak, 40 herrialde baino gehiagoko 4.000 gazta baino gehiago epaitzeko asmoz. Hainbat herrialdetako dastatzailez osatutako epaimahai bat arduratu da gazta onenak aukeratzeaz.
“Aurten ere, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztak munduko onenen artean sarituak izan dira, haien kalitate handia egiaztatuz eta nazioartean gure gazten izen ona eta prestigioa zabaltzen lagunduz”, nabarmendu du elkarteak ohar bidez.