Goierriko Gazte Feministak taldea aurkeztu dute
Hainbat hausnarketaren eta belaunaldi aldaketa baten ondoren, Goierriko Neska* Gazteak izateari utzi dio mugimenduak. Beasaingo Arrano elkartean egin dute aurkezpena. «Beldurraren kulturari aurre egiten» jarraituko dutela nabarmendu dute.
Goierriko Gazte Feministak konfinamendu aurretik sortutako taldea izan zen –Goierriko Neska* Gazteak izenpean–, baina bi urteko hausnarketa baten eta belaunaldi aldaketa baten ondoren, Goierriko Gazte Feministak «indartsu eta eskualdea gaztetasunetik feminismoz bustitzeko prest» daudela adierazi dute.
Joan den ikasturtean hasi ziren berriz ere antolatzen, grebaren testuinguruan. Ekintza solteak egin dituzte, izena ere aldatu dute, eta atzo iluntzean aurkeztu zuten talde berria Beasaingo Arrano elkartean egindako ekitaldian. Ondoren, bertso-afari feminista izan zuten.
Beldurraren kulturari aurre
Eskualdean dauden «beharrak identifikatzen» ari dira, «deseroso sentiarazten dituzten espazioei eta jarrereei» erreparatuz. Horrez gain, «elkartzeko, aliantza feministak sortzeko eta elkarrekin hausnartzeko espazio seguruak» sortu nahi dituzte, «gaztetasunetik eta feminismotik Goierri feministago bat eraikitzeko». Argi dute «beldurraren kultura oso zabaldua dagoela azken urteetan» Goierrin ere, eta horri «aurre egiteko» hautua egingo dute aurtengo ikasturtean, lanketa desberdinen bitartez.
Azken urteetan «jarrera faxisten gorakadak matxismoaren forma berriak ekarri dituela» diote. 14-15 urte inguruko gizonen jarrerak jarri dituzte adibide: haien jarrera eta praktikak «duela urte batzuk izan zitezkeenak baino larriagoak direla» ondorioztatu dute. Eta eraikitzen duten gizontasunak «gizontasunetik baino gizonkeriatik gehiago» duela argi dute. Testuinguru honetan «ezinbestekotzat» jo dute gazteak diren heinean feministak izatea, eta matxismoaren olatuari aurre egiteko «saretzeko eta antolatzeko» deia egiten dute.
Sarea indartzeko helburua
Taldearen izen aldaketa ez da soilik eskualdean egindako hausnarketa bat izan, «dimentsio askoz handiagoa hartu duen» hausnarketa baizik. Euskal Herri mailan saretuta daude, Euskal Herriko Gazte Feministen eta Mugimendu Feministaren barruan, eta «mugimendu bezala egindako hausnarketa» izan da. Azken finean, neska* kontzeptua erabili dute urte askoan zehar «gizona ez zen orori» erreferentzia egiteko, baina «zapaltzen dituen bitartasunean bertan erortzea» zela azaldu dute: «Genero auzia bitartasunetik kanpo ulertzen bagenuen hau aldatu beharrean geunden». Mugimenduan zebilen hainbat pertsona «deseroso sentiarazi» zitezkeela ohartu ziren, «konturatu gabe ateak itxiz».