Anjel Etxeberriaren omenezko mendi ibilaldiko argazkiak
Gaur goizean Ostadar mendi asteari hasiera eman diote, Anjel Etxeberriaren omenezko haur ibilaldiarekin. Haurrak eta beraien gurasoak Zumarragako plazan elkartuko dira eta handik Oletara joan dira.
Bihartik aurrera lau emanaldi izango dira. Astelehenean, 19:30ean Labeaga aretoan, Koke Lasa ormaiztegiarrak Nepal kolore eta haize bideak (Great Himalaya Trail) emanaldia egingo du. Emanaldi hori Nepal ekialdetik mendebalera zeharkatzen duen ibilaldiari buruzkoa da. 1.600 kilometroko luzera du eta Great Himalaya Trail izenarekin ezagutzen da. Asteazkenean, Mikel Saez de Urabainek Bhagirathi III Mendebal Ertza emanaldia eskainiko du. 19:30ean izango da, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Emanaldiko protagonistak Mikel Saez de Urabain gipuzkoarra (55 urte), Jose Maria Andres de la Torre madrildarra (52 urte), Alex Kammerlander kanariarra (49 urte) eta Ruben Perez Blazquez errioxarra (44 urte) dira. Eskalatzaile beterano eta eskarmentudun horiek Himalaiako Bhagirathi III mendia gailentzea lortu zuten joan den irailean. Ostegunean, Oñatiko Aloña Mendi espeleologia taldeak Zuloan zu? dokumentala emango du. Lan horrek lehen saria lortu du Bartzelonako lurrazpiko dokumentalen lehiaketan. Emanaldia Urretxuko Labeaga aretoan izango da, 19:30ean. Dokumentalak Arantzazuko santutegitik gertu dagoen haitzulo baten esplorazioa kontatzen du. Ustekabeko agerpen batek espeleologoak harrituko ditu. Ostiralean, 19:30ean Zumarragako kultur etxean, Juan Mari Gabilondo mendizale zumarragarrak Euskal Herriko mendiak emanaldia egingo du.