«Euskarak eta euskal kulturak oso eskertuta egon behar dute 'Go!azen'-ekin»
Makusi plataforman ikus daiteke atzotik 'Go!azen 11'-ren lehen atala. Aktore berrien artean da Sara Cozar: asmo jakin batzuekin iritsiko da Basakabira.
Makina bat antzezlanetan, filmetan eta telesailetan egin du lan Sara Cozarrek (Ordizia, Gipuzkoa, 1980). Aurten, lau telesailetan ari da: Go!azen, Zeru ahoak, Desagertua eta La Caza. Irati. Patxi Bisquerten Ombuaren Itzala filmean, berriz, Otañoren emaztearena egiten du —datorren urtean estreinatuko dute pelikula hori—.
Basakabira iritsiko da zure pertsonaia, Leire. Zer kargu izango du?
Basakabiko Harreman Instituzionalen eta Kulturako Sailaren arduraduna izango da Leire. Alabarekin iritsiko da udalekura. Jabeek esan diote Basakabin ez dagoela zuzendaririk, eta fundamentu handiko norbaiten bila dabiltza; hortaz, pentsatuko du bera izan daitekeela zuzendari berria. Baina Maitaneri [Nerea Arriola] emango diote postua. Lankidetza estua izan beharko dute Leirek eta Maitanek, eta gorabeherak izango dira haien artean.
Nerea Arriola tartean izanik, umorerako momentuak ere izango dira?
Bai, aurreko denboraldian Maitanek eta Zurik zuten harremanaren antzekoa da. Leire oso zorrotza eta arduratsua da, baina Maitanek eta Leirek elkar maite dute. Bestalde, denboraldi honetan Basakabin Kepa Etxaide izeneko musikariaren omenaldi handia egitekotan dira, eta omenaldi horretan ikasleetako batek abestuko du. Leirek nahi duena da bere alabak omenaldi horretan kantatzea.
Zer moduz udan egindako grabaketak?
Oso ondo. Lan erritmo bizia da: bi hilabetean hamabi atalak grabatu genituen. Seiehun sekuentzia baino gehiago dira. Niri Goenkale etortzen zitzaidan burura, erritmoa antzekoa baita. Giro oso ona zegoen, eta aktore gazteak jator-jatorrak dira.
Zer iruditu zaizkizu aktore gazteak?
Oso prestatuak daude arlo askotan. Ia denek solfeoa egin dute, kantatzen dute, musika tresnak jotzen dituzte, dantzatzen dira… Oso arduratsuak eta langileak dira denak. Go!azen oso lan exijentea da: asko ikasi beharra dago. Gidoi guztiak batera ematen dizkigute, eta etxean sekulako lana egin behar dugu aktoreok. Itziar Gomez telesaileko zuzendariak lan handia egiten du, baita Idoia Uranga eta Tessa Andonegi aktore zuzendariek ere. Aktoreok oso ondo eraman behar dugu dena, grabaketetan ez baitago denbora galtzerik. Gazteek ikasten dituzten dantza koreografiak, bestalde, oso-oso zailak iruditzen zaizkit.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.