Irudimenari hauspoa
Eskuekin jardun ikastaroa, artearen eta sormenaren bidez ahalduntzeko espazioa bat da. Hamasei urtetik gorako emakumeak ari dira parte hartzen. Astelehenero ordu t’erdiko saioa egiten dute.
Arteak estresa murrizten, norberarengan konfiantza garatzen eta arazoak konpontzeko trebetasunak hobetzen lagun dezake. Artea sentimenduak eta emozioak adierazteko erabil daiteke, esperientzia zailak hobeto ulertzen, aurrera egiten lagun dezake. Antsietatea arintzeko, osasun mentala hobetzeko eta auto-irudi positiboa sustatzeko ere erabil daiteke. Era berean, kontzentrazioa, pazientzia eta iraunkortasuna hobetzen dira. Izan ere, sormenetik ahalduntzea landu daiteke.
Bide horretan abiatu dute Eskuekin jardun ikastaroa Beasainen, hamasei urtetik gorako emakumeei zuzenduta, Zorione Mendez Martin dinamizatzailearen laguntzarekin. Astelehenero elkartzen dira Urbieta zentroan.
«Umeak eta gazteak garenean sormenarekin badaukagu lotura bat, baina eskola garaia amaitzen denean, harreman hori eten egiten da gehienetan. Matematikak, teknologiak, zientziak… garrantzi handia hartzen dute, sormena alde batean geratzen delarik», hausnartu du taldearen dinamizatzaileak. Esperientziatik hitz egiten du, horrelako ekimenak sustatzen eta gidatzen denboratxo bat badarama jada, adin tarte eta errealitate desberdinetako jendearekin. «Artea formatu desberdinetan lantzea oso garrantzitsua» dela deritzo: «Norbera ahalduntzeko, esperimentatzeko, norberarentzat momentu bat hartzeko… irudimenari hauspoa ematen zaio, barruan dugun ume hori ateratzen dugu», ondorioztatu du Mendezek.
«Sormenari aukera bat eman nahi diote batzuk, eskulangintzan ibilitakoak baina aspaldi utzitakoak ere badaude, beste batzuek beraientzat momentu bat hartzeko animatu dira»
Zorione Mendez. Dinamizatzailea
Bederatzi saio izango dira, ordu eta erdikoak. Helburua ez da marrazketa ikastaro bat egitea, helburua ez da ikastea proportzioak-eta ondo egiten, baizik eta dinamika desberdinen bidez esperimentatzea da helburua. Marrazki azkarrak egin zituzten lehenengo saioan, bodegoi bat egin zuten. Bigarrena izan zen estanpazioa oihalean eta paperean. Hirugarren saioan collage-ak egin zituzten, hurrengoan kearekin marraztu zuten, emakumea eta artea ere landuko dute, emakumeak historian izan duen presentzia ikus-ezina, eskulturan ere sartuko dira, eta kale-margotzaile ere izango dira egun batez.
Espazio segurua
Hamasei urtetik 70 urte bitarteko emakumeak daude. Motibazio desberdinak dituzte: «Sormenari aukera bat eman nahi diote batzuk, eskulangintzan ibilitakoak baina aspaldi utzitakoak ere badaude, beste batzuek beraientzat momentu bat hartzeko animatu dira, talde dinamika bat denez jende berria ezagutzeko eta harremantzeko egiten duenik ere bada. Arrazoi desberdinek ekarri dituzte hona, baina guztientzat espazioa dago hemen», borobildu du Mendezek.