Inoizko parte hartze handienarekin jokatuko da emakumezkoen frontenis txapelketa
Momentuz, 11 bikotek eman dute parte hartzeko izena.
Emakumezkoen 3. frontenis txapelketa jokatuko da larunbatean Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Herritar talde batek antolatutako txapelketa da, frontoietan emakumezkoen parte hartzea sustatu eta kirol honetan dabiltzanei leku bat emateko helburuarekin. Pixkanaka egonkortuz doan txapelketa da Idiazabalgoa. Aurten, inoizko parte hartze handienarekin jokatuko da; dagoeneko 11 bikotek emana dute izena.
Ihintza Imaz txapelketaren antolatzaileetako bat da, eta harrituta dago aurtengo erantzunarekin, «11 bikote ikaragarri dira, ez genuen uste horrenbeste jendek izena emango zuenik», aitortu du. Beste urteetan baino goizago ekingo diote txapelketari, 8:00etan eta eguerdi alderako amaituko dutela aurreikusi dute. Hiru taldetan banatuta jokatuko dute hasieran 11 bikoteek, «talde bakoitzetik bi sailkatuko dira ligaxka moduko bat jokatzeko. Ondoren, finalerdiak eta finala», azaldu du Imazek.
Goierritarrak bakarrik ez
Goierritar jatorrikoak asko izango dira, «Legazpi, Ormaiztegi, Ordizia eta Idiazabalgoak» dira batzuk, baina urrutiagotik ere joango dira Idiazabalera, «Gipuzkoatik eta baita Bizkaitik edo Nafarroa Beheretik ere», gehitu du antolatzaileak.
Partida guztiak 18 tantora jokatuko dira eta aurreko urteetan bezala, maila ezberdinetako jokalariak izango direla espero da. Parte hartzeak txapelketaren ordutegia zabaltzea ekarri du aurten, baina ez hori bakarrik, partidak ere ordu erdikoak beharrean, «20 minutukoak» izango baitira. Oraindik ere, izena emateko epea irekita dago 656 694 201 zenbakian. Bikoteko 10 euro ordaindu beharko da izena ematerakoan.