Lazkaon euskararen egoera aztertuko dute
Hizkuntzak herrian zer erabilera eta osasun daukan neurtuko dute, hamar urteko estrategia bat zehazteko. Euskararen erabilerari buruz iritzia emateko, inkesta azaroaren 30era arte bete daiteke.
Lazkaoko herrian eta herritarren artean euskarak gaur egun zer indar, osasun eta erabilera duen jakiteko, azterketa soziolinguistikoa egingo du Lazkaoko Udalak. Euskara Planean aurreikusitako neurketa da, eta hizkuntzaren erabilera bultzatzeko eta indartzeko ekinbideak zehazteko erabiliko dute.
Lehen urrats gisa, inkesta bat zabaldu dute, lazkaotarrek euskararen erabilerari buruz daukaten pertzepzioa eta iritziak jasotzeko. Azaroaren 30era arte bete behar da, sei galderari test eran erantzunda. Pertsonala da, eta izen-abizenekin eta NA zenbakiarekin erregistratu behar da.
Inkestan, Lazkaon euskarak zer bilakaera izan duen galdetu dute; erabilera mantendu den, gora egin duen ala behera erantzun daiteke. Indartsuen eta ahulen zein eremutan ikusten duten esan behar dute herritarrek; kulturan, familian, lagunartean, adinekoen artean, ostalaritzan, haurren artean, sare sozialetan eta helduen artean bereizita. Zein arlotan eragin beharko litzatekeen sakonago da beste atal bat, eta euskara hutsean bizitzeko baldintzarik ba ote dagoen, eta euskara sustatzeko eta jarduna normalizatzeko aurrerapausorik egin ote den ere galdetu dute.
Erantzuteko eskaria
Azterketa soziolinguistikoan eta inkestak «aktiboki» parte hartzeko eskatu die udalak lazkaotarrei, «pertsona guztien ekarpenak Lazkaon euskararen erabilera sustatzeko estrategia eraginkorragoak eta egokiagoak garatzen lagunduko» duela eta. «Iritzi bakoitza lagungarria da udalerria bere nortasunarekin eta hizkuntzarekin konprometituagoa izateko».
Euskara Planean, datozen 10 urteetarako plan estrategiko bat zehaztea da azken egitekoa.