Mariren Kobak Traila Larraiztik abiatuko da aurten
Hogei partaide izango ditu, eta larunbatean, 07:00etan, abiatuko dira Zamaoko aparkalekutik. Antolatzaileek emandako mapei esker hainbat koba lotu eta helmugara iritsi beharko dute 12 orduan.
Azaroaren 23an, datorren larunbatean, jokatuko da Mariren Kobak Trailaren bigarren edizioa. Iazko lehen edizioak Orozkoko Urigoitia auzoa eta Zegama lotu zituen –finisher bakarra izan zuen–, eta aurten, oraingoz, ibilbideari buruz antolatzaileek jakinarazi duten informazio bakarra izan da Larraizko (Abaltzisketa) Zamaoko atsedenlekutik abiatuko direla hogei mendi lasterkari –emakumezko bakarra– eguna argitu baino lehen, 07:00etan. Antolatzaileek emandako mapei esker hainbat koba lotu eta helmugara iritsi beharko dute 12 orduan.
Koba guztietatik pasa behar
Mariren Kobak Traila “abentura bat” da, eta orientazioa eta planifikazioak garrantzia berezia dute. 07:00etan joko duten adarraren deiadarraren soinuarekin abiatuko dira, baina ez dute zein den ibilbidea azken momentura arte. Ordu laurden bat lehenago antolatzaileek mapa bana emango diete parte hartzaileei, eta han, gutxi gorabeherako ibilbide bat azalduko da, eta pasa beharreko koba guztiak markatuta izango dituzte. Behin abiatutakoan partaideen sakelakoak zigilatuko dituzte antolatzaileek. Mendi lasterkari bakoitzak nahi duen ibilbidea egin dezake, beti ere koba horietatik pasa eta bertan egongo diren egiaztagiri harriak hartuta.
Jakina denez, Euskal Herrian ezin da edonola sartu Mariren kobazuloetan eta abentura honetan ere euskal mitologiaren antzinako legeak jarraitu beharko dituzte partaideek. “Mariri ezin zaio inoiz bizkarra eman eta kobazulotik atera behar da sartzen den bezala. Hikan hitz egin behar zaio eta ez zaio inoiz begietara begiratu behar. Abentura hau modu zoragarria da kirola eta euskal mitologia batzeko eta gure mugetatik harago zabaltzen laguntzeko”.
80 kilometro eta 4.700 metroko desnibela
Beste arau berezi batzuk ere baditu. Derrigorrezko material gisa, parte hartzaile guztiek txorizo, saltxitxoi edo antzekoren bat eraman beharko dute proba guztian gainean zigilaturik eta Mari jainkosaren aurrean elegante agertzeko, alkandora bat eraman beharko dute jantzita. Bigarren edizio honetan, parte-hartzaile guztiek GPS gailu bat eramango dute, antolatzaileek utzitakoa, bakoitza non dagoen jarraitu ahal izateko.
Antolakuntzak prestatutako ibilbidea desberdina da, eta bidea ez da markatuta egongo. 80 kilometroko luzera eta 4.700 metroko desnibela du eta 12 ordu baina gutxiagoan osatu beharko dute. Ibilbidean zehar hiru gune egongo dira, eta horietan kanpoko asistentzia izan dezakete mendizaleek. Era berean, mapan bidean topa ditzaketen iturri ezberdinak ikusi ahal izango dituzte.
Partaideetako batzuk
Irteera puntuan emakume bakarra eta 19 gizonezko egongo dira bigarren edizio honetan. Honakoak dira ezagunenak.
- Pablo Angulo Angulo (Getxo, 1980). Mariren Kobak Trail lasterketaren lehen edizioaren irabazlea eta 12 ordu horien barruan helmugara iritsi zen parte-hartzaile bakarra.
- Uxue Fraile Azpeitia (Donostia, 1974). Euskal Herri mailako hamaika ultren irabazle, Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak, Euskal Herria Mendi Erronka eta baita hemendik kanpo ere hainbat lasterketen podiumak zapaldua: UTMB , Transvulcania, Lavaredo Ultrataila, Diagonale des Fous…
- Iker Karrera Aranburu (Amezketa, 1974). Hau ere Euskal Herria Mendi Erronka bezalako lasterketan Euskal Herrian irabazia eta UTMB entzutetsuan bi bigarren postu egindakoa, Tor des Geants irabazitakoa, Transgrancanaria 360en partehartzailea.
- Genis Zapater (Matadepera, 1991). Mendiko eskiatzaile eta mendiko gidari entzutetsua. Kilian Jorneten azken abenturan (Alpine Connections) laguntzaile gisa aritua.
- Zigor Iturrieta Ruiz (Zornotza, 1974). Ultra maratoilari bizkaitarra, Euskal Herrian ezaguna ETBn sukaldaritza programa bat izateagatik. Munduan zehar egiten diren lasterketa askotan parte hartu du: Goierriko Bi Handiak, UTMB, Transgrancanaria, Lavaredo Ultra trail, Cami de Cavalls, Salomon Ultra Pirineu, Hiru Handiak…