Elegante jantziak armairutik ateratzeko ordua
Bihar hasita abenduaren 1era arte luzatuko dira aurten, Ander Deunaren jaiak. Larunbatean egingo den Eleganteen bilkuraren 11. edizioaren baitan, jada desagertuta dagoen Ezkurdia fondako pastak berreskuratuko dituzte.
Elegante jantziak armairutik ateratzeko ordua iritsi zaie ormaiztegiarrei; izan ere, ostiral honetan hasiko dituzte Ander Deunaren jaiak. Ohi bezala, bi asteburu hartuko dituzte festa egunek eta abenduaren 1era arte luzatuko dira aurten. Ander Deunaren jaietako lehendabiziko asteburua XIX. mendeko Ormaiztegira atzerako bidaia egiteko aitzakia izan ohi da; herriko ikur bilakatu den bainuetxeak Ormaiztegira eraman zuen luxua eta bizitzeko modu berriak gogoratzeko baliatzen dutena.
XIX. mendeko Eleganteen bilkuraren 11. edizioa ospatuko dute larunbatean, Zumalakarregi museoak antolatuta. Egun osoan zehar photocall-a, bainuetxearen irudiak eta auto klasikoen erakusketa izango dira ikusgai Muxika egurastokian eta eliza atarian. 12:30ean emango diote hasiera paseo eleganteari museotik abiatuta Zubiperaino; eguerdian, eleganteen bazkari herrikoia bertan egingo dute, gero.
Ezkurdiako pastak
Urtero, larunbat arratsaldean, txokolate beroa bolatuekin eskaini izan du Zumalakarregi museoak orain arte, garai batean Ormaiztegiko bainuetxe desagertuan egiten zen modu berean. Baina, aurtengo txokolate janak herriko historiarekin bat egiten duen berrikuntza bat ekarriko du: bolatuen ordez, Ezkurdia fondako pastak banatuko baitituzte bertaratutakoen artean.
Ezkurdia ostatua edo fonda Ormaiztegiko eraikin garrantzitsua izan zen XX. mendean zehar. Ezkurdia familiaren negozio honek hainbat zerbitzu eskaini zituen herrian eta pasten eta pastelen salmenta izan zen horietako bat. Zumalakarregi museoak fondako Jaxinto Ezkurdiak bildutako errezeta liburutik 75 bat errezeta berreskuratu ditu eta ondare gastronomiko hori herriaren esku jarriko du. Zumalakarregi museoko arduradun Lourdes Azpiazuk adierazi duenez, iaz zendu zen Xabin Ezkurdiarekin —Jaxintoren ilobarekin— aritu dira elkarlanean, «Xabin ez da egongo, baina fondaren memoria berreskuratu dugu. Bide batez, berak egindako lana eta erakutsitako prestutasuna aitortuko dugu», dio. Jarduera jada desagertuta dagoen Ezkurdia ostatuari omenaldia ere izango da, bide batez.
Hain zuzen, gaur egun osoan zehar belaunaldi arteko ekintza antolatu du museoak, eta herriko eskolako haurrak eta adinekoak pastak egingo dituzte Ezkurdia fondako erara, Basotxulo elkartean. Ezkurdia familiak, San Andres herri eskolak, jubilatuen elkarteak eta udalak ere parte hartuko dute ekimenean.
Futbola, hasteko
Bihar arratsaldean emango diete hasiera jaiei. Bigarren urtez, aurreko urtean jaiotako haurrei ongietorria egingo diete 19:00etan udaletxean eta ondoren, txupinazoa eta pregoia izango dira. Ormaiztegiko odol emaileen elkarteak izango du aurten pregoia irakurtzeko ardura eta ohorea. Elkarteko Jon Rezustak irakurriko du eta dioenez, «Ormaiztegiko odol emaile guztiei eskerrak emateko» baliatuko du, besteak beste. Aipatu duenez, osasuntsu dago odol emaileen familia Ormaiztegin «ateraldiko 40 edo 50 bat» emaile izaten baitira. Rezustak gazteen parte hartzea azpimarratu du bereziki.
Harrikalariak gazte asanbladak antolatutako futbito txapelketa herrikoiaren finala ere jokatuko da bihar, Hizto eta Txarainharen artean eta baita kuadrilla eta kintoen arteko afariak ere. Lehendabiziko asteburuarekin amaitzeko, haurren danborrada izango da igandean, 12:00etan, Zubipetik irtenda. Arratsaldean, berriz, Goruntz dantza taldearen emanaldia izango da Zubipen.
Ikusi egitaraua osorik hemen. Ander Deunaren Jaiak 2024
LurraldeBusek Gautxori gaueko autobus zerbitzua jarriko du jaiak irauten duten bitartean. Ikusi hemen ordutegiak.