Julen Telleria zuzendaria omenduko du Segurako abesbatzak kargua hartu zueneko 25. urteurrenean
Mari Jose Telleria ere omenduko dute, 65 urte bete berritan. Igandean ospatuko du Segurako abesbatzak musikarien zaindariaren eguna.
Santa Zezilia egunean, omenaldiak egiteko ohitura du Segurako herri abesbatzak. Urtero, erretiratzeko ordua iritsi zaien kideei oroigarri bat ematen diete, baina aurtengo omenaldia berezia izango da, zuzendari lanetan 25 urte bete dituen Julen Telleriari ere egindako lana aitortuko baitiote. Familian geratuko da dena, 65 urte bete berri dituen Mari Jose Telleria arreba izango baita aurtengo beste omendua.
Zehazki ez da oroitzen, baina 1990ean edo hasi zen Segurako herri abesbatzan abesten Telleria, «musikarekiko zaletasunak bultzatuta». Txistularia izan da «beti» Seguran eta aurretik Ordiziako Oroit abesbatzan ere aritua zen. «Gustukoa dut abestea, eta horregatik hasi nintzen», zehaztu du. Urte batzuk abesten pasa eta gero, 1999ko Santa Zezilia egunean hartu zuen zuzendari kargua, Joxe Goia ordezkatuz.
Segurako koru parrokiala orain dela 60 urte sortu zuen Don Vicente Aranburu apaizak «herriko haurrekin». Hark erein zituen gaurko abesbatzaren haziak Seguran, eta gaur egun, oraindik ere, haur haietako batzuk abesbatzako kide izaten jarraitzen dute. «30 bat gizon eta emakumek osatzen dugu abesbatza gaur gaurkoz», esan du Telleriak, baina beste leku batzuetan bezala, errelebo falta bada kezka iturri. Kide gazteenak 50 urte dituela aipatu du, «abesbatza gero eta helduagoa da eta gazteekiko etena gero eta handiagoa», dio.
Meza, kantujira eta bazkaria
Horren haritik, gazteen abesbatza bat sortzeko saiakera egin zuten Seguran orain urte batzuk, «4 urtez aritu ginen talde harekin, baina unibertsitatera joateko garaia iritsita etena sortu zen», dio. Etorkizuna «larri» begitantzen du, baina badago oraindik esperantzarako tokirik, «izan ere azken 10 urteetan berdina esaten ari gara, baina momentuz, hemen jarraitzen dugu», gehitu du.
Santa Zezilia eguna bihar den arren, igandean ospatuko dute Segurako abesbatzako kideek musikarien zaindariaren eguna. Ohiko errepertorioa izango dute, «12:00etako mezan parte hartuko dugu eta urtero bezala Pedro Bilbaok konposatutako meza berezi bat abestuko dugu». Meza hori Don Vicente Aranburuk erakutsi zien garai bateko abesbatzako haurrei, eta gaur egun, helduen ahotsetara egokituta abesten dute. Meza amaituta, kantu poteoa egingo dute herriko kaleetan zehar eta bazkari batekin amaituko dute eguna.