Azaroaren 25ean mobilizatzera deitu dituzte goierritarrak
Goierriko herri gehientsuenetan egingo dira protestak. Mugimendu Feministak dio «ardurak hartzeko garaia» dela. Emakundek, Eudelek eta Aldundiak kanpaina bateratua egin dute. Itaiak Beasainen egingo du eskualde mailako manifestazioa.
Asteartean, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta, Goierriko herritarrak kalera irtengo dira indarkeria matxistari aurre egin eta feminismoa oinarri duten neurriak eskatzeko. Udalerri bakoitzeko talde feministek zein instituzioek mobilizazioak, adierazpen instituzionalak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte.
Euskal Herriko Mugimendu feministak nabarmendu duenez, indarkeria matxista erabat zabalduta dago: «Egunerokoan erabat normalizatuta dauzkagu erasoak, bortxaketak, beldurra, erailketak…». Baina erro bakarra du, eta, gainera, gero eta gehiago ari da hedatzen: «Sistema heteropatriarkal, kapitalista eta kolonial honek forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko».
Testuinguru horretan, Mugimendu Feministak azaroaren 25ean aldarrikatuko du «denek, bereziki gizonek, ardurak hartzeko garaia» dela. Horregatik Azaroaren 25erako leloa ere: Ez bazara konponbidea, arazoa zara. Hala azaldu dute: «Gizon gehienek oraindik ez dute konpromisorik hartu konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko; zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete». Eta adibide batzuk jarri dituzte: «Arazoa zarete eraso bat jasaten dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak; arazoa zarete lagunartean txisteak eta iruzkinak mozten ez dituzuenean; arazoa zarete erasoren bat jasan dugunean justifikatzen eta errua guregan jartzen duzuenean; arazoa zarete erasoa seinalatu bai baina zuen joerak zuzentzen ez dituzuenean; arazoa zarete feministok urteetan salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzukizunik hartzen ez duzuenean».
«Gizon gehienek oraindik ez dute konpromisorik hartu konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko»
Mugimendu feminista
Komunikabideei ere erreparatu diete. Mugimendu Feministak adierazi du, zenbaitetan, emakumeei botatzen dietela errua, eta kasuen «xehetasun morbosoak» aireratzen dituztela. Sare sozialez ohartarazi dute: «Babesteko izan daitezkeen arren, mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko, gorputzak kontrolatzeko bidea ere badira».
KANPAINA BATERATUA
Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek kanpaina bateratu bat sinatu dute aurten. Kanpaina horretan, herritarrak animatu nahi dituzte indarkeria matxista geldiaraztera, gero eta handiagoa den «negazionismoaren» aurrean. Kanpainaren leloa, Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko.
Kanpainaren iragarkiak sareetan aurki daitezkeen esaldi batzuk erakusten ditu, hala nola: «Emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da», «Indarkeriak ez du generorik» edo «Beste herrialde batzuetan matxismoa dago, ez hemen». Eta datu batekin erantzuten die: 2023an 6.513 salaketa erregistratu ziren emakumeen aurkako indarkeriagatik Euskal Autonomia Erkidegoan.
2023an 6.513 salaketa erregistratu ziren emakumeen aurkako indarkeriagatik Euskal Autonomia Erkidegoan
A25eko adierazpenak tokiko eragile guztiekin lan egitea proposatzen du ere, mezu horiek neutralizatuko dituen eta tokiko bizitzan harrera ona izango duen iritzi-giroa sortzeko. Bereziki gazteei dei egiten zaie, batez ere mutilei, «kritikoak izan daitezen eta mezu misogino eta berdintasunaren aurkako horien aurka ager daitezen», eta puntu lila ikusarazteko deia egin du.
MUGIMENDU SOZIALISTA
Itaiak, «indarkeria matxistaren normalizazioa, erasotzaileen inpunitatea eta ideia erreakzionarioen zabalpena gelditzea ezinbestekoa» dela nabarmendu du. «Egoera honekin amaitzeko beharrezkoa da emakume langileon interesak erdigunean jarriko dituen antolakuntza politiko independentea sustatzea». Bide horretan, «kaleak hartu eta matxismoaren aurka borrokatzeko» deia egin dute.
Ataun
- Azaroak 24. 12:00etan hasita, tailer Morea, San Martingo plazan.
- Azaroak 25. 18:30ean, elkarretaratzea San Martingo plazan.
Beasain
- Azaroak 25. 17:00etan, Nerabeentzako pankarta tailerra udal batzar aretoan, Lahia 3.0k antolatuta. 18:30ean, elkarretaratzea Erauskin plazan. 19:00etan, Itaiaren manifestazioa udaletxeko plazatik.
- Azaroak 27. 12:00etan, Denbora lerro feminista mahai jokoaren aurkezpena, Igartzako jauregian.
- Azaroak 27 eta 28. 19:00etan, Querer telesailak, Usurbe Antzokian.
Ezkio
- Gaur. 17:30ean, Volar dokumentala. Ondoren, abestiaren entsegua.
- Azaroak 25. 17:00etan, elkarretaratzea. Ondoren, argazkia.
Idiazabal
- Gaur. 18:30ean, hitzaldia: Galaxietako gerra. Indarkeria matxista Interneteko unibertsoan. Hizlaria Maider Galardi F. Agirre. Udaletxeko Areto Nagusia. 22:00etan, antzerkia, Jo! (Magma Mia konpainia), Guraso Elkartea aretoan. Sarrera 5 euro (salgai liburutegian eta egunean bertan).
- Azaroak 25. 18:00etan, elkarretaratzea, plazan.
Itsasondo
- Azaroak 25. 18:00etan, elkarretaratzea, plazan.
Lazkao
- Azaroak 25. 19:00etan, elkarretaratzea. Plazan.
Legazpi
- Gaur. 11.30ean, Haztegi Ikastolako ikasleen ekintza, Euskal Herria plazan.
- Azaroak 25. 19:00etan, elkarretaratzea, Euskal Herria plazan.
Legorreta
- Gaur. 17:00etan, lehen hilekoaren inguruko formakuntza.
- Azaroak 25. 18:30ean, elkarretaratzea plazan.
Mutiloa
- Azaroak 25. 19:00etan, elkarretaratzea, plazan.
Ordizia
- Gaur. 18:00etan, Barrenan, hitzaldia: Adineko emakumeen aurkako genero-indarkeria: errealitate ikusezin bat ezagutzea. Hizlaria: Pepa Bojo psikologoa-psikoterapeuta.
- Azaroak 25. 11:00etan, giza katea. 18:00etan, mobilizazio ibiltaria Barrena aurretik abiatuta.
- Azaroak 29. 17:15ean, Barrenan, Ainairak haurrentzako (3-7 urte) ipuin kontaketa.
Segura
- Azaroaren 29ra arte. Txanbolinpen Maitasuna… Berdintasunaren sustrai murala margotuko dute.
- Azaroak 25. 19:00etan, elkarretaratzea.
- Azaroak 29. 19:00etan, Arima taldearen eskutik, Maitasuna performancea eta solasaldia, Botikaxarrean.
Urretxu-Zumarraga
- Azaroak 23. 10:00etan, Kakorratz saioa, Tximeletak erresistentzia mugimendua ezagutuz, Emakumeen etxean.
- Azaroak 25. 18:30ean, elkarretaratzea, Emakumeen Plazan.
- Azaroaren 25etik abenduaren 5era. Barrurako Atea, Zumarragako hainbat eraikinetan.
- Azaroak 26. 18:00etan, Genero indarkeriaren biktima diren adineko emakumeak hitzaldi-solasaldia. Gure Txokon.
Zaldibia
- Azaroak 25. 18:30ean, elkarretaratzea.
Zegama
- Azaroak 25. 18:30ean elkarretaratzea eta sentsibilizazio erakusketa. Udaletxe aurrean.
Zerain
- Azaroak 25. 19:00etan, elkarretaratzea.