Maratoi erdi bat igerian, eta konpromiso osoa agerian
Movember kanpainaren alde, Lazkaoko igeriketa saio solidarioan 21.500 metro osatu dituzte igerilariek. Partaideen eta ikusleen ekarpenak, eta taldeen bikoizketa batuta, 600 euro bildu dituzte gizonezkoen gaitzen ikerketarako.
Lazkaoko Barandiaran kiroldegiko igerilekuan 42 lagun elkartu ziren, atzo arratsean, Goierriko Moherri taldeak sustatutako Movember kanpainaren alde dirua biltzeko. Igeriketa proba herrikoia eta solidarioa egin zuten hamabi neskak eta 30 gizonezkok. Gazteena 12 urtekoa zen, eta zaharrena 71koa.
Igerian egindako 100 metroko, partaide bakoitzak euro 1eko ekarpena egin behar zuen. Ordubeteko denboran, guztira 21.500 metro egin dituzte igerian. Horiek dirutara bihurtuta, 215 euro dira. Uretara sartu ez zirenek ere eman dute dirua, 200 euro gehiago. Azkenik, Antzar Korrikalariak talde antolatzaileak eta Aingirak igeriketa taldeak beren kideen ekarpenak bikoiztu egin dituzte.
Guzira, 600 euro jaso dute. Gizonezkoen gaitzen eta gaixotasunen ikerketarako bideratuko dute.