Mugikortasun autonomoko proiektu pilotu bat jarri du martxan aldundiak
Ibilgailu autonomo eta jasangarri baten bidez landa inguruneko biztanleen mugikortasuna hobetzea du helburua. Abaltzisketa eta Amezketa arteko bidean egingo dute lehen proba pilotua, eta 2025eko abuztutik abendura Segura eta Zerain artekoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak LandaGO mugikortasun autonomoko eredu aurreratua garatzeko proiektua aurkeztu zuen atzo Abaltzisketan. Ibilgailu jasangarria eta autonomoa izango da –proba pilotu fasean dago–, eta datozen hilabeteetan ibiliko dena froga moduan Abaltzisketa eta Amezketa udalerrien arteko errepidean. “Helburu argia du egitasmo honek: Gipuzkoako landa inguruneko guneetako mugikortasuna eraldatzea, garraio publikoko sistemaren osagarri gisa, herri horietan bizi diren herritarren beharrak asetzeko”, nabarmendu du Eider Mendoza diputatu nagusiak.
Esperientzia pilotuaren lehen fasea azaroan jarriko da martxan, aurrez aipatutako bi udalerri horien arteko errepidean. “Gipuzkoako landa inguruneko ohiko erronkak irudikatzen dituen eremua da, kontuan izanda bertako maldak, bihurgune itxiak eta baldintza aldakorrak. Baldintza horiek ahalbidetuko dute ingurune konplexu batean teknologiaren bideragarritasuna ebaluatzea eta etorkizuneko ezarpenetarako datu kritikoak ateratzea”. Bi udalerri horietako biztanleek prototipoa frogatu ahal izango dute 2025eko martxotik abuztura bitartean ezarriko diren proba egunetan, esperimentazio fase honen zati gisa, beren iritziak partekatu ditzaten eta, horrela, ibilgailua etorkizuneko erabiltzaileen beharretara egokitu dadin. 2025eko abuztutik abendura Segura eta Zerain arteko errepidean egingo dute gauza bera.
Eider Mendozak ez ezik, Xabier Arruti eta Ane Insausti, Lurralde Oreka Berdeko eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuek, Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak, Iñaki Aizpurua proiektuaren koordinatzaileak, Oihana Otaegi Vicomtecheko Garraio eta Segurtasun dibisioko zuzendariak, Sara Ahetze Puignau BCCAMeko zuzendari teknikoak, eta Aitziber Larunbe Eurogapeko bazkide zuzendariak hartu zuten parte aurkezpenean.
“Proiektu aitzindaria”
Mendozak bere hitzaldian nabarmendu duenez, Europa mailan “mugikortasun autonomoan aitzindaria” den proiektua izango da eta “udalerri txikietako garraio aukerak eraldatzea” du helburu, udalerri horietan bizi diren herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa hobetzeko balioko duen “zerbitzu berritzaile” bat garatuz. Horrela, Mendozak azpimarratu duenez, “Gipuzkoaren etorkizunean pentsatzen dugunean, lurralde orekatua izatea nahi dugu, udalerri txiki bizi eta dinamikoa ardatz hartuta, non zerbitzu berritzaileak eta bizitzeko eta lan egiteko aukera berriak” sortuko diren.
“Horretarako, besteak beste, funtsezkoa da landa inguruneko biztanleek hiriguneetan bizi diren pertsonen aukera berberak izatea mugikortasunari eta zerbitzuei dagokienez”, gehitu du. Ildo horretan, gaineratu duenez, horrelako ekimenen bidez, “herritarren beharrizanetan oinarritutako mugikortasun jasangarriko sistema bat garatzea” bultzatzeko konpromisoa hartu du, gisa horretan “lurraldearen kohesioa” indartuz.
Hurrengo pausoak
Lehen fase honetan egingo den lehen proba pilotuaren ondoren, Zerain eta Segura artean beste proba bat egingo da 2025eko abuztutik abendura bitartean. Bigarren proba horretan, Abaltzisketa eta Amezketa arteko tartean ikasitakoak aplikatuko dira, eta datu gehiago bilduko dira gidatzeko erronka handiagoak dituen ingurune batean. Urrats hori errepikatu egingo da ibilbide berri bakoitzean, zerbitzua tokian tokiko beharretara egokitzeko eta fase bakoitzean eredua optimizatzeko.
Proiektuaren egutegiari jarraituz, aurreikusten da 2025ko abuztuaren erdialdetik 2026ko amaierara arte beharrezko azpiegiturak eta baldintzak garatu eta prestatu ahal izango direla eta 2026ko erdialdetik aurrera Abaltzisketa eta Amezketa eta Zerain eta Segura tarteen artean ibilgailu elektriko autonomo bat ezarri eta jarduteko lehen probak egin ahal izango direla.