Zumarragako Udalak 14,5 milioiko aurrekontua onartu du, aho batez
Aurreko 14 urteetan aurrekontuak ez dira aho batez onartu. Inbertsio nagusiak Eitzagan eta Urolako geltokian egingo dira.
Zumarragako Udalak 14.582.000 euroko aurrekontua onartu du 2025erako, alderdi guztien aldeko botoekin. Aurrekontua iazkoa baino %3,28 handiagoa da.
Udalak 500.000 euro bideratuko ditu inbertsioetara. Inbertsio nagusia 300.000 eurokoa izango da. Diru horrekin Eitza auzoaren atzealdea txukunduko dute: erreka azalera aterako dute eta parke handi bat egingo dute. Beste 100.000 euro Urolako geltokia txukuntzeko erabiliko dituzte. Geltokiko auzoko bizilagunei zuzendutako gizarte zentro bat egingo dute bertan.
PSE-EEko Rosa Maizak aurrekontuko beste egitasmo batzuk ere azpimarratu zituen: Tokiko Energia Komunitatearentzako auto elektrikoa eta bateriak (hala energia gorde ahal izango dute eta gutxiago ordainduko dute energiaren truke) eta gazteentzako bonuak (gainera, beraien kontsumo ohiturak aztertuko dituzte beraiengana heltzeko). Gizarte arloan 5 milioi baino gehiago gastatuko direla, ingurumenean ia 5 eta ekonomian ia 4 aipatu zuen. «Gobernu taldeak (PSE-EE eta EAJ) EH Bildurekin akordioa lortu du eta hori oso positiboa da».
«Arcelor itxi zenetik urtero 1,6 milioi gutxiago dugu, baina zerbitzuak eskaintzen jarraitzen dugu»
Mikel Serrano. Zumarragako alkatea
EAJko Josu Idigorasek ere akordio horren garrantzia azpimarratu zuen. «Azken 14 urteetan lortu ez den gauza bat lortu dugu: aurrekontuak aho batez onartzea. Dena den, garrantzitsuena ez da aurrekontuak nola onartu diren, baizik eta zertarako. Gobernantza kolaboratiboa ezarri nahi dugu eta herritarren parte hartzea bultzatu. Elkarrekin urrutirago iritsiko gara. Legealdi plana landu dugu eta gobernuko bi alderdiok aurki aurkeztuko dugu. Nahiz eta gobernuak gehiengoa duen, adostasunetara heldu nahi dugu».
Oposizioaren iritzia
EH Bilduko Aritz Elgarresta ere pozik azaldu zen onarpenarekin. «Aurreko urteetan akordiorako gogorik ez zegoela esan dugu eta aurten kontrakoa esan beharra dugu. Lan giro ona izan dugu. Azalpenak eman dizkigute eta dinamika normala lortu dugu. Herritarrek ez lukete talka ulertuko. Nahiz eta lan giro ona izan, posible izango litzateke akordio batera ez heltzea. Lortu dugu, ordea. Horretarako, denok eskaera batzuk alde batera utzi behar izan ditugu. Gure ekarpenak aberasgarriak direla uste dugu. Alderdi guztiak eskuzabalak izan gara eskatzeko eta emateko orduan».
Beraien ekarpenak eskubide sozialekin, herrigintzarekin eta ingurumenarekin lotuta daudela azaldu zuen. «Sei adostasun puntu lortu ditugu: gazteen eta nerabeen artean euskararen erabilera igotzeko plana, prozesu parte hartzaile bat parke bat estaltzeko, solairuarteak etxebizitza bezala egokitzeko aukera aztertuko dugu (eta solairuarteetan dauden negozioak kalera jaistea bultzatu), gazteentzako bonuak, mugikortasun jasangarria bultzatuko duen autobusa martxan jartzea aztertuko dugu eta hutsik dauden etxebizitzen inguruko azterketa egingo da, etxe horiek merkatura ateratzeko».
«Alor ekonomikoa landu beharra dugu, 10.000 biztanleen langa gainditzeko eta lo-hiria ez bilakatzeko»
Aritz Elgarresta. EH Bilduren bozeramailea
Bidean hainbat proposamen gelditu direla onartu zuen. «Urretxurekin egin beharreko elkarlanarekin lotutakoak, adibidez. Asko dugu jokoan eta pertsonalismoa eta partidismoa alde batera utzi behar dira. Alor ekonomikoa landu beharra dugu, 10.000 biztanleko langa gainditzeko eta lo-hiria ez bilakatzeko».
Mikel Serrano alkateak orain arte egindako lana goraipatu zuen. «Orain arte akordioetara heldu ez izanak ez du esan nahi ezer egin ez denik. Zumarragako egoera ekonomikoa txarra dela esaten da, baina Zumarragak hiri handiagoek eskaintzen dituzten zerbitzuak eskaintzen ditu. Arcelor itxi zenetik, urtero 1,6 milioi gutxiago dugu, baina zerbitzuak eskaintzen jarraitzen dugu. Zergatik hitz egiten da pertsonalismoaz eta ez interes politikoez? 1990eko hamarkadan Zumarragako Udalak porrot egin zuen eta orduan ez zegoen PSE-EE gobernuan. Guk beti zuhurtziaz jokatu dugu. Inurriek bezala lan eginez, Eitzan lursailak lortu ditugu eta horri esker Eusko Jaurlaritzak 108 etxebizitza egitea lortu dugu. Eta 2007tik gaurdaino 60 milioi baino gehiago inbertitu dira Zumarragan. Bestalde, Aritzek aipatu dituen sei gaietatik lau dagoeneko martxan zeuden».
Urretxu eta Zumarragako udalen arteko elkarlanaz ere hitz egin zuen. «Legazpirekin akordioa dugu, bi herrietako bizilagunek bi herrietako kirol instalazioak erabiltzeko. Oso ondo funtzionatzen du gainera. Urretxuk gaia landu beharra zuela esan zuen. Beraiek dira bat egin behar dutenak».
Bukatzeko, alderdiek aurrekontuen inguruko bileretan izandako jarrera txalotu zuen.
Inbertsio ahalmena
Elgarrestak adierazle ekonomiko batzuk ez direla horren onak erantzun zuen. «2017tik 2023ra, Zumarraga pertsonako gutxien inbertitu dutenen artean dago. Zumarragak, berez, 30 milioi inbertitu ditu 2009tik hona. Zenbaki batzuk ondo daude eta beste batzuk hobetu egin behar dira. Bi herrietan alderdi berberek gobernatzen duzue. Beraz, egoera ezin hobea da bi herrien arteko akordioetara iristeko. Bestalde, aurreko urteetako gure proposamenak aurtengoen berberak dira. Zergatik ez dira onartu aurreko urteetan? Jarrera honekin jarraitzea espero dut».
Serranok gainontzeko erakundeen laguntza lortzearen garrantzia azpimarratu zuen. «Gure diruarekin 30 milioi inbertitu dugula diozu. Ez da gutxi… Bestalde, bizilagunek aldundiari, jaurlaritzari, Estatuari eta Europari ere zergak ordaintzen dizkiote. Ordaindutako hori herrira itzultzeko ahalmena dugu. Horretarako ordaintzen digute zumarragarrek».