Ormaiztegi danbor-hotsez jantzi da jaietako igande goizean
Ormaiztegin San Andres jaiak ospatzen ari dira eta jaietako igande goizean etxeko txikiak izan dira kalean, danborra jotzen.
Ormaiztegin San Andres jaietan murgilduta daude ostiralaz geroztik. Txupinazoarekin eta odolkiaren igoerarekin eman zioten hasiera festari eta gaur, hirugarren egunez, festan jarraitzen dute ormaiztegiarrek. Futbito txapelketa, kontzertuak, kuadrilla bazkariak, elegante eguna bera eta abar izan dituzte joan diren egunetan eta gaurkoan, etxeko txikienak izan dira protagonista, jaietako igande goizean.
Goizeko 12etan danbor-hotsek hartu dute Ormaiztegi, haurren eskutik. Haurren danborrada Zubipe Kiroldegitik irten da eta herrian itzuli bat egin ondoren, kale nagusian eman diote amaiera ekitaldiari. Urolatarrak txaranga izan dute lagun, danborradako soinu banda izanez. Haur ugarik hartu dute parte bertan eta familia alboan izan dute ibilbide osoan zehar, ikusle gisa, mugikorrak eskuan asko eta asko eta zuzeneko ikuskizunaz gozatzen beste hainbat. Festa eta familia giroa izan dira nagusi.