Angel Garciak irabazi du II. Mariren Kobak Traila
Larraizko irteera puntua eta Zegamako helmuga hamabi orduan lotzea lortu duen mendi korrikalari bakarra izan da espainiarra –90,7 km eta 3.980 metroko desnibel positiboa–. Aralarko Marizulo, Urbasako Lezaundi eta Altzaniako La Leze haitzuloak igaro behar izan dituzte.
Angel Garcia espainiarra izan da joan den larunbatean, hilaren 23an, Larraizko aparkalekua eta Zegamako plaza denbora epearen barruan lotzea lortu zuen parte-hartzaile bakarra. Marizuloko (Txindoki, Aralar), Lezaundiko (Urbasa) eta Altzaniako (La Leze) haitzuloetatik igaro behar izan zuten.
07:00etan puntuan abiatu zen Mariren Kobak Trail lasterketaren bigarren edizioa, Larraizko Zamaoko aparkalekutik, Txindokiren magaletik. Aurten euririk ez, baina hotza eta haizea nabarmendu ziren egun osoan. Abentura euskal mitologiarekin eta mistizismoarekin lotzen ditu lasterketak.
Lehen harria Marizulon
Irteera hartu zuten 19 parte-hartzaileak berehala iritsi ziren Txindoki mendiko Marizulo kobazulora. Han Galtzagorria zeuzkaten zain. Hortik, Aralarko mendilerro osoa zeharkatu behar zuten Lakuntzako lehen asistentzia gunera iritsi aurretik. Igaratzatik gertu, Pablo Angulo eta Zigor Iturrieta bizkaitarrek, Iker Karrera gipuzkoarrak eta Angel Garcia A Coruñan bizi den salamancarrak osatutako lehen taldea hautsi egin zen, azken horrek aurrea hartuta.
Lakuntzara iristean, hamar minutuko aldea ateratzen zion Garciak Pablo Angulo iazko txapeldunari, eta atzerago iritsi ziren Iker Karrera eta Zigor Iturrieta. Puntu horretan, parte-hartzaile guztiek kaskoa eta arnesa hartu behar zituzten, eta Beriango kanalerantz jo. Han, bizi-lerro baten bidez, San Donato ermitarako igoera egin zuten Andia mendilerroan.
Horixe izan zen abenturaren dinamika; Angel Garcia buruan, Pablo Angulo atzetik zuela, eta gainerakoek distantzia handiagoarekin. Lizarragako mendateko bigarren asistentzia gunean, sorgin-akelarre batekin eta festarako gogoz zebiltzan Momotxorro batzuekin topo egin zuten parte-hartzaileek.
Urbasakoa Lezaundin bigarrena
Bigarren kobazuloan, Urbasako parke naturalaren barruan, Lezaundiko kobazuloan, Lamiak zeuden zain bigarren harriarekin. Puntu horretara 12 parte-hartzaile iritsi ziren. Horien artean, probako emakumezko bakarra, Uxue Fraile –iaz Zegamako helmugara iritsi zena, baina aurten abenturan jokoan zeuden hiru harrietatik birekin konformatu behar izan zuena–. Parte-hartzaileetako bi uretako izaki mitologikoetatik oso gertu igaro ziren, baina ezin izan zuten kobazuloaren sarrera aurkitu.
Harririk eta izaki mitologikorik izan ez arren, Lubierriko haitzuloa nahitaezko pasabidea zen Urbasako kanpinean baimendutako hirugarren asistentzia-puntura iritsi aurretik. Puntu horretatik, Garciak eta Angulok bakarrik jarraitu ahal izan zuten, 16:00etako antolakuntzak jarritako mozketa pasata. Bien arteko aldea ordu erdikoa zen.
La Lezen bi lasterkari bakarrik
La Lezeko hirugarren eta azken kobazuloan, Altzaniano mendilerroan, Mari eta Basajaun berbera zeuden puntu horretara iritsi ziren bi korrikalari bakarren zain. Bi partaideek behar bezala tratatu zuten Mari, inoiz begietara begiratu gabe eta inoiz bizkarrik eman gabe.
Angel Garcia raidetan –World Cup 2012ko irabazlea Kalifornian, Top10 Munduko Reunion Uhartean 2019an eta 11 aldiz Espainiako raid txapeldun– eta orientazioko BTTn –hirugarren 2020ko Europako txapelketan– adituak 11 ordu eta 48 minutu behar izan zituen 90,7 kilometroko ibilbidea egiteko 3.980 metroko desnibel positiboarekin Zegamako plazara garaile iristeko. Puntu horretan ikusmin handia zegoen helmuga nork zeharkatuko zuen ikusteko (lasterketaren ikurra den fuetekin eginda, parte-hartzaileek eraman behar dituzten alkandorekin batera). Antolatzaileek antolatutako 12 orduen barruan iritsi zen bakarra izan zen.
Irabazlearen adierazpenak
Behin helmugan, aurrea ustekabean hartu zuela esan zuen irabazleak: “Antolakuntzak markatuta zuen tracka ikusi nuen, eta zelai batean diagonal bat egitea erabaki nuen. Beste nonbaitetik sartu ziren besteak, eta ez nituen ikusi. Asistentzia postura iritsi naizen arte ez nekien buruan nindoala”.
Behin lehen postuan joanda “mapaz mapa, helburu txikiz helburu” joan zela adierazi zuen, burua Zegaman jarrita beti. “Lasaiago iritsiko nintzela uste nuen, baina azken ordua hegan pasa zitzaidan, eta kosta egin zait iristea, asko estutuz, eta iristen ez nintzela pentsatuz. Asko gustatu zait lasterketa honen formatua”.
Bigarren helmugan, Pablo Angulo Berangoko korrikalariak 12 ordu eta 59 minutu behar izan zituen guztira eta 95 kilometro egin zituen. Aurtengoan garaiz kanpo iritsi da, baina korrikalari bakarra da bi Mariren Kobak Traial osorik egin dituena, eta Mariren sei harri etxean dituena.