CAF taldearen Enpresa Batzorde Europarra osatzeko lehen bilera Beasainen egingo dute
Negoziaketa mahaia Euskal Herriko, Espainiako, Poloniako, Frantziako, Italiako, Lituaniako, Letoniako, Txekiar Errepublikako eta Suediako langileen 15 ordezkarik osatuko dute. Asteazkenean izango da bilera, 10:00etan hasita.
Datorren asteazkenean, hilaren 27an, bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera Beasaingo lantegian egingo dute, 10:00etatik aurrera. Hala jakinarazi du CAFeko LABek prentsa ohar bidez.
CAF taldeak Europako hemeretzi herrialdetan ditu langileak, denera 12.000 langile baino gehiago. Enpresaren egoitza nagusia Beasainen dago, eta langile gehienak Euskal Herrian daude –5.000 langiletik gora–. Espainian CAFek 2.300 pertsona inguru ditu, eta Polonian 2.500 langile inguru. Frantzian, 1.000 pertsona inguru ditu, Suedian bezala; Italian, berriz, 350 langile baino gehiago. Horri gehitu behar zaizkio Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Grezia, Hungaria, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumaniako ordezkaritzak eta filialak.
CAFeko Zuzendaritzarekin Europako Batzordearen osaera eta funtzionamendua negoziatzeaz arduratuko den negoziaketa mahaia Euskal Herriko, Espainiako, Poloniako, Frantziako, Italiako, Lituaniako, Letoniako, Txekiar Errepublikako eta Suediako langileen 15 ordezkarik osatuko dute.
Euskal Herriak “ahots propioa” izatea
LABen ustez, langileen interesak defendatzeko, “ezinbestekoa da etorkizuneko foro horretan Euskal Herriak ahots propioa” izatea. “Ez dago ulertzerik euskal multinazional baten Komite Europarrean, euskal langileon ordezkaritza disolbatuta gelditzea estatuen araberako antolaketa huts baten ondorioz. Oraindik eta ulergaitzagoa da hau, langileon gehiengo zabal bat Euskal Herrian egonik”.
Prozesu horretan, “Espainiako sindikatu ofizialistek, argi eta garbi, interes korporatiboak defendatzen” dituztela dio LABek. “Sindikatu txikienen parte-hartzea, estaturik gabeko nazioena edo komite eredu sozialago bat izatea, oztopo dira sindikatu mota horiek bilatzen dituzten interes propioentzat. Patronalaren interesak ere noski, ez dira bat etorriko era honetako Komite eredu batekin”.
LABek Europako Enpresa Batzorde “parte-hartzailea, soziala eta internazionalista” bultzatuko duela dio, “langileon interesak defendatzeko”. Bide horretan, CAF taldeko Euskal Herriko, Espainiako eta Europako sindikatuekin “aliantzak bultzatzen jarraituko” duela nabarmendu du.