Aluminox enpresari giza baliabideen saria eman diote
Etalentum 2024 hiru sarietako bat jaso du Zaldibiako enpresak, 26-100 langile atalean. Giza baliabide politika errekonozitu diote; galdaragintza finean 38 urteko historia du.
Zaldibiako Aluminox enpresak giza baliabideen arloko praktika onak aitortzen dituen sari bat irabazi du, Etalentum etxeak emana. Lehengo asteartean, Donostian jaso zuten saria. Langileen hautaketa prozesuetan espezializatutako enpresa da Etalentum, eta 2024an giza baliabide politikak errekonozitzeko eta langileen talentua baloratzeko hiru sari eman ditu. Aluminoxekin batera, Angulas Aguinaga eta Forest Pioneer enpresek jaso dute sari bana, eta ibilbide profesionalaren ohorezko saria Martin Berasategi sukaldariak.
Atseginez hartu dute Aluminox enpresan errekonozimendua. «Enpresaren barruan, giza baliabideen arloa nola kudeatzen dugun saritu digute. Enpresa txikia eta xumea gara gu, baina txikiak batzuetan kontuan hartzen gaituztela ikustea pozgarria da», aitortu dute. Ibilbide oso baten emaitza da saria.
Erakunde publikoek, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, eta Gipuzkoako enpresa, elkarte nahiz langileek eman dute botoa. Hamar finalista bereizi zituzten, eta enpresaren tamainaren arabera saritu dituzte hiru. Aluminoxek 26-100 langile arteko saileko saria lortu du. Beste izendapen bat 25 langile bitartekoentzat zen, eta hirugarrena 100dik gorakoentzat. Sari emate ekitaldian izan ziren, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatu Ane Intsausti eta Donostiako alkate Eneko Goia.
Lau hamarkadako bidea
Zaldibian kokatuta dago Aluminox enpresa, eta 38 urteko ibilbidea du. Galdaragintza finera dedikatzen da. Metala eraldatzen eta prozesuen integrazioan aditua da, eta neurrira egindako produktu konplexuen soluzioa eskaintzen du aluminioan eta altzairu herdoilgaitzean, betiere bezeroaren eta sektore ezberdinen beharrizanetara egokituta.