Beasainen hasiko da ostiralean EPELen Binakako Pilota Txapelketa
Ezkurdiak eta Rezustak Elordiren eta Zabaletaren aurka jokatuko dute, 20:45ean hasita. Albisu ataundarra Peña II.arekin ariko da, eta Basaurin dute lehen partida igandean. Gaur goizean aurkeztu dute txapelketa Iruñean.
Beasaingo Antzizar kiroldegiko pilotalekuan hasiko da ostiralean EPELen Binakako Txapelketa, eta martxoaren 30ean amaituko da Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalean. Gaur goizean aurkeztu dute txapelketa Iruñean, eta lehian ariko dira hamasei pilotarien zerrenda eman dute ezagutzera. Goierritar bakarra dago tartean, Jon Ander Albisu ataundarra.
Hamasei pilotariak
Hauek dira binakakoa jokatuko dute pilotariak: Baikoko Laso-Iztueta, Artola-Mariezkurrena II.a, Peña II.a-Albisu eta Jaka-Imaz, eta Aspepelotako Altuna III.a-Aranguren –min hartuta dagoen Tolosa ordezkatuko du usurbildarrak–, P.Etxeberria-Martija, Ezkurdia-Rezusta eta Elordi-Zabaleta.
Lehen partida Beasainen
Ostiralean emango diote hasiera lehiaketari Beasainen Ezkurdia-Rezustak eta Elordi-Zabaletak (20:45). Pilota aukeraketa bihar egingo dute, 13:00etan.
Artolaren itzulera gertu badago ere, ez da lehenengo jardunaldira iritsiko, eta bere ordez Larrazabalek jokatuko du larunbatean Lizarran. Han izango dira Larrazabal-Mariezkurrena II.a eta Laso-Iztueta. Egun berean, larunbatean, San Andres egunean, Altuna III.a-Aranguren eta P.Etxeberria-Martija izango dira aurrez aurre Eibarren.
Eta igandean, Basaurin, Jaka-Imaz eta Peña II.a-Albisu saiatuko dira aurreneko puntua eskuratzen.
Txapelketaren egitura
Ostiralean hasi eta martxora bitartean luzatuko da Eskuz Binakako EPEL 2025 Txapelketa. Zazpi jardunaldiko bi itzuli, orotara hamalau jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek sailkapen ligan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligara eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek playoffak jokatu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Finalerdietako ligak hiru jardunaldi izango ditu eta final handia Nafarroa Arenan izango da martxoaren 30ean, igandean.