Lardizabal Haundiko ondorengo argentinarrak
XIX. mendean Argentinara joan ziren Jose Martin Urteaga eta Prudencia Mendizabal senar-emazte idiazabaldarren ondorengoek Urteaga sendiaren 1. topaketa egin dute asteburuan, Maggiolon.
Idiazabaldar jatorria duen Urteaga sendiak 1. topaketa egin du asteburu honetan Argentinako Maggiolo herrian. Idiazabalgo Lardizabal Haundi baserriko Jose Martin Urteaga eta Prudencia Mendizabal senar-emazteen ondorengoak dira. Familiako ia 70 kide bildu dira euskal kutsu nabarmeneko festara: aiton-amonak, seme-alabak, ilobak eta bilobak; belaunaldi zaharragoak eta gazteagoak. Egun hauetan Argentinan dabilen Antton Altolagirre idiazabaldarra eta haren emaztea ere bertan izan dira; eta Idiazabalgo Jexux Urteagaren sendiak ere presentzia izan du jaian, Idiazabalen grabatu eta bidalitako bideoei esker.
Lisandro Litxi Urteaga —Jose Martin eta Prudenciaren birbiloba— orain bi urte hasi zen topaketa antolatzeko asmoz. Izan ere, ez da erraza izan Argentinan bizi diren Urteagatar guztiak elkartzea, «gehienak Santa Fe probintziako hegoaldean bizi dira, birraitona etorri zen lekutik gertu», dio. Azkenean, «adrenalina handiko» elkarretaratzea izan zen Litxirentzat igandekoa. «Belaunaldi ezberdin asko bildu ginen, eta familiaren historian zeuden hainbat hutsune betetzeko balio izan dute bataren eta bestearen testigantzek», zehaztu du.
Musika, janaria eta edatekoa ez ziren falta izan, edozein euskal ospakizunen antzera. Sagardoarekin topa egiteko aukera ere izan zuten, «hemen sagardoa ez da oso ezaguna, baina Rosarioko hirian bizi diren lagun euskaldun batzuen bitartez lortu genituen botila batzuk», zehaztu du. Bazkaria Maggioloko Sarmiento kirol elkartean egin zuten, Litxiren aitonaren —Paulino Urteaga— izena daraman saloi batean, «plus bat izan da hori», dio.
Idiazabaldik Argentinara
Idiazabalgo Jexux Urteagak eta haren familiak bidalitako bideoei esker, Idiazabal eta Lardizabal Haundi baserriak lehenengo aldiz ikusi zituzten Urteagatar gehienek, Litxi bera baita, momentuz, Idiazabal ezagutzen duen familiako kide bakarra. «Bitan joana naiz, 1998an eta 2014an», kontatu du. Bisita haiei buruz galdetuta, oroitzapenak oraindik «oilo ipurdia» jartzen diola aitortu du, «Idiazabalek asko esan nahi du niretzat, nire bizitza da, nire istorioa. Amets bat da niretzat han egon izana eta oraindik bertakoekin harremanak mantentzea».
Asko ditu gogoan, Jexux Urteaga, Antton Altolagirre, Antonio Berasategi, Ioritz Imaz, Zikiri eta beste hainbat. Idiazabalen ere estimatua da Litxi. Lanbidez artista da, margolaria. «Muralista oso ezaguna da Argentinan», kontatu du Jesus Urteagak. Hain zuzen, Idiazabalen ere bada Litxik 2014an egindako mural handi bat Felix etxean. «Badakit oraindik han dagoela, argazkiak bidaltzen dizkidate. Higatu samar dago jada, ea pintura esku berri bat ematera joaten naizen». Itzuliko dela agindu du.
ARGAZKIA: Jexux Urteaga
ARGAZKIAK: Angie Quintana Urteaga
ARGAZKIAK: Antton Altolagirre
Data ziurra ez den arren, 1900 urtea baino lehen iritsi ei ziren Jose Martin Urteaga eta Prudencia Mendizabal senar-emazteak Argentinara. Idiazabalgo Lardizabal Haundi baserrikoa zen Urteaga; eta legorretarra, Mendizabal. Jaioterria utzi eta hiru hilabeteko bidaia egin zuten itsasontziz, Argentinaraino. «Zortea izan zuten, batzuk bidean geratu baitziren», dio Litxi Urteaga birbilobak, Jose Martinen anaia zihoan itsasontzia ozeanoan hondoratu zela gogoratzearekin bat.
Argentinako Panpako probintziara iritsi ziren, «lur emankorrak daude bertan, herrialdeko onenetakoak». Horregatik, garai hartan Argentinara iritsi ziren familia euskaldun gehienak «abeltzaintzan edo laborantzan» lan egiten zuten: «Lurra sobera zegoen». Baina beste euskaldun askok «askotariko salgaiak zituzten komertzioak ere ireki zituzten, oso ohikoa zen». Urteagak eta Mendizabalek 16 seme-alaba izan zituzten eta ez ziren inoiz jaioterrira itzuli. Haien ondorengoak Argentinan finkatu ziren, baina inoiz ez dute ahaztu euren euskaldun jatorria.