Olaran «arduraz eta beasaindarrekin» lantzea eskatu du EH Bilduk
Proiektuak Beasainen premiei erantzutea eskatu diote EAJri. 8.000.000 euro inguruko inbertsioa suposatuko du. Eragile desberdinekin elkarrizketa prozesua zabaltzea eskatu du EH Bilduk udal gobernuari.
Manufacturas Olaran eraikin zaharra eraberritzeko asmoa iragarri zuen Beasaingo Udal gobernuak, duela aste gutxi. Olaran Talentu Faktoria proiektua deiturikoa, azken hamarkadan Udalak proposatutako inbertsio publikorik handiena izango da. Proiektu honetan, Olaran eraikinean, «luxuzko jatetxe batez gain, kanpotik datorren talentuarentzat 35 etxebizitza eraikitzea proposatzen du EAJren gobernuak, Beasaingo EH Bilduren esanetan, «kanpoko talentua jarriz erdigunean, bertako talentua sustatu eta Beasainek dituen hamaika premiari erantzun beharrean».
Olaran eraikina eraberritzea partekatzen du Beasaingo EH Bilduk, baina ez dator bat EAJk aurkeztutakoarekin. Gaur arratsaldean, eraikin zaharraren aurrean egin duten agerraldian EH Bilduko zinegotziek beren ikuspuntua eman dute. «Udal gobernuak planteatu duen proiektua, zein hau erabakitzeko modua ez zaizkigu egokiak iruditzen. Horregatik, Udal Gobernuari eskatzen diogu Beasaingo eragile ekonomiko, kultural, sozial eta herritarrekin batera elkarrizketa prozesu bat ireki dezala Olaran eraberritzeko proiektua elkarrekin definitzeko».
Beasaindarrekin lantzekoa
Olaran eraberritzeko proiektua, azken hamarkadan Beasaingo udalak egindako inbertsio publiko garrantzitsuena izatea aurreikusten da. 8.000.000 euro inguruko inbertsioa suposatuko du udal gobernuak aurkeztu zuen proiektuak, hau da, egungo udal aurrekontuaren ia erdia. «Zalantzarik gabe, beasaindar guztioi ekarpen ekonomiko handia suposatuko digu, eta beraz, garrantzitsua da Olaran faktoriaren eraberritzea ahalik eta kontsentsu zabalenarekin egitea», adierazi dute EH Bildutik. Hau da, «Porteriako auzotarren, eta oro har, Beasaingo herritar zein eragileen ahotsa entzunez».
EH Bilduren kezketako bat, Beasainen etorkizuna da, eta aurrera begirada horretan, hainbat premia eta erronka ikusten dituzte: etxebizitza eskuratzeko «zailtasuna» da horietako bat. EH Bildutik azaldu dutenez «gazteak emantzipatzeko, zein irisgarritasun arazoak dituzten etxebizitzetan bizi diren adinekoei alternatibak eskaintzeko beharra dago». Gainera, Beasainen kultura sustatzeko «ekipamendu falta» dagoela uste dute. Horrekin batera, «zahar egoitza irisgarri baten beharra» ere aipatu dute, baita «tokiko merkataritzaren indarberritzea ere». Behar horiei, soluziobideak ematea «garrantzitsua» da EH Bildurentzat, eta horretan, Olaran eraikin eraberrituak ekarpena egin dezakeela iritzi dute.
Horregatik, eraikin horren eraberritzean egin beharreko inbertsioaren norabidea «garrantzitsua» denez, lehentasuna, «proiektu horrek herrian eragingo duen onura sozialaren arabera definitzea» izan beharko luke EH Bildurentzat.
Eskualde osora
Beasain, eskualde industrial batean kokatuta dago. EH Bildutik adierazi duten moduan, «industria aurreratu eta lehiakorra da gurea eta garrantzitsua da horrela izaten jarrai dezan elkarrekin aurrerapausoak ematea». EAJk Olaran talentu faktoriaren aurkenean ere agertu zuen, eskualdeko enpresek duten zailtasunetako bat, langileak erakartzea da. Hori horrela, EH Bilduk uste du, «eskualde mailako erantzun bat» eskatzen duela horrek. «Goierriko udal, eragile, enpresa, sindikatu zein udalez gaindiko erakunde publikoen (GFA eta Eusko Jaurlaritza) arteko lankidetzaren bidez erantzun koordinatu eta integral bat eman behar zaio erronka horri, Goiekitik koordinatuta. Zintzoki uste dugu, ez dela egokia eskualdeko erronka bati erantzun nahi omen dion proiektuaren kostua Beasaindarron bizkargain bakarrik geratzea».
Desadostasunak desadostasun, EH Bildutik, «eskua luzatu» diote Udal Gobernuari, «elkarrekin Olaran eraberritzeko proiektua arduraz eta Beasaindarrekin batera lantzeko».